Berriak

 

Inaugurazioarekin bat etorriz, ostegunean Hugo C. Prietoren “Implicaciones legales y procedimiento a seguir ante la desaparición de una persona” liburua aurkeztuko da

Arrigorriagako Udalaren Euskaldun Berria erakusketa-aretoan ikusgai egongo da Borja Lázaro argazkilari eta kazetari gasteiztarraren azken lana, desagertu baino lehen egindakoa. Ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da, hau da, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta igandean, 12:00etatik 14:00etara. Ostegunean, berriz, erakusketa inauguratzen den bitartean, 19:00etan, Hugo C. Prietok bere “Implicaciones legales y procedimiento a seguir ante la desaparición de una persona” liburua aurkeztuko du.

Nork daki Non elkarteak, Arrigorriagan bi urtean behin antolatzen diren desagertutako pertsonen jardunaldietatik sortua, antolatu du gaztearen erakusketa, bere burua “gizatasunaren bila dabilen nomadatzat” hartzen zuena. Borja Lázaro 2014ko urtarrilaren 7tik 8rako gauean desagertu zen Cabo de Velan, Kolonbiako La Guajira departamenduan, kultura indigenei buruzko erreportajeak egiten ari zela. Lau urte geroago, familiak ez du Borja topatzeko itxaropena galdu, eta etengabe mobilizatu dira ikerketak aurrera egin dezala eskatzeko, baita gertatutakoa argitzeko eta Borja aurkitzeko ere.

Urte hauetan, familiak ekintza ugari sustatu ditu kasua bertan behera ez gelditzeko. Askotan denboraren isiltasunarekin, axolagabetasunarekin eta atzerapenarekin egin dute topo. Beste askotan, hala ere, pertsona nahiz erakundeen babesa jaso dute, eta lagungarriak izan dira desagerpenari aurre egiteko.

Erakusketa honetan Borjaren azken lana ikus daiteke. Argazki gehienak Hezurren Festa delakoari dagozkio, indigenen tradizio bat. Argazkiak atera ahal izateko, Borjak herritarren konfiantza eskuratu behar izan zuen, eta hori ez da ohikoa, ez baitiete uzten.
 
Erakusketako argazkiak berreskuratzeko esfortzu handia egin dute, jatorrizkoak desagertuta baitaude, Borjaren kamera eta ordenagailuarekin batera. Hori dela eta, argazki batzuek ur-markak eta desfokuratzeak dituzte, baina ez dira Borjarenak, kopiak berreskuratzean egondako arazo teknikoen eragindakoak baizik.

Informazioa (PDF 279KB)