Berriak

 

Aurten, 2019ko Arrigorriagako inauterien hasieran txikienak izango dira protagonista nagusiak, eta jai handi batekin hasiko dira ostiralean, martxoaren 1ean. Gai orokorra ogibideak izango dira. Mota guztietako mozorroak jantzita, eskolatik Udal kiroldegiraino doan kalejira kolorez beteko dute 15:15ean, Urgoiti, Kurtzeta eta Severo Ochoa kaleetatik barrena. Ondoren, dantza-erakustaldia izango da, eta jarraian, 16:45ean, txokolatada hasiko da.

Hurrengo egunean, hau da, larunbatean, martxoak 2, jaiak aurrera jarraituko du, eta aurreko urteetan bezala, Arrigorriagako zenbait taldek (Aritz Berri, Abarrak, Arga Gazte Asanblada, Herri Ikastetxea, Gure Esku dago, Gure Magalean eta On Egin) udalarekin batera bosgarren herri inauteriak girotuko dituzte.

Programa 13:00etan hasiko da, plazatik mozorrotuta irtengo den segizio batekin, eta tabernaz taberna ibiliko dira, kantuan, dantzan, bertsotan... 15:00etan herri bazkaria egingo dute eta arratsaldean, 18:00etan koadrillak eta karrozak Lonbon elkartuko dira, ordu erdi geroago desfilea hasteko. Inauteri segizioa plazara iritsiko da 19:45ean, eta bertan, animazio eta musikaz beterik, aurten ere “Plazodromoa” izango dugu.