Berriak

 

2017an hasi zen Protokoloa, eta Udaleko, Osakidetzako, Hezkuntzako eta Ertzaintzako sail eskudunek eta elkarteek modu koordinatuan egindako lanaren emaitza da. Haren emaitza jarduketa-eredu adostu eta koordinatu bat izan da, mugarri izan dena arazo honen aurrean Arrigorriagan.

Protokoloa egin ondoren hartutako lehen neurrien artean, Udalak gizarte-langile bat jarri du, emakumeen kontrako indarkeria-kasuetarako arreta zuzen espezifikoa emateko. Profesional horrek zuzenean emango die arreta emakumeei, eta arazoak konpontzeko beharrezkoak diren gainerako instantziekin koordinatuko da, bai Udalaz kanpokoak, Ertzaintza, Osakidetza, Epaitegia, edo Udalaren barrukoak: oinarrizko gizarte-zerbitzua, arreta psikologikoa, orientazio juridikoa, prebentzio-, hezkuntza- eta bitartekaritza-taldea eta Udaltzaingoa, Enplegu eta Berdintasun sailak; azken horrek sustatzen eta koordinatzen du erakundeen arteko protokoloa.

900 840 360 telefono-zenbakia zuzenean dago lotuta erreferentziazko profesional horrekin, arazo horiek dituzten Arrigorriagako emakumeei arreta emateko. Zuzena izateaz gain, telefono hori doakoa da, eta ezin zaio haren arrastoari jarraitu; hau da, ez du arrastorik uzten telefono-fakturan.

Laster, Udalak herritarren esku jarriko du gizarte-baliabide honen publizitatea. Etxe guztietan banatuko da, eta eskuragarri egongo da udal-bulegoetan eta –zentroetan. Postal bat da, linea berriaren eta arazo hauekin lotutako edozein konturen aurrean jo daitekeen telefonoen informazioekin: Udaleko gizarte-zerbitzuak, Berdintasun Saila, Udaltzaingoa, Galdakaoko Ertzaintza, biktima artatzeko zerbitzua, larrialdiak eta abar.

Udaleko gizarte-zerbitzuen lan-ordutegitik kanpo, telefono hori 900 840 111 linearekin dago lotuta, Eusko Jaurlaritzarena, eta 24 orduz dago martxan. Hortik, gainera, kasuak Udalaren linea espezifikora bidera daitezke: 900 840 360.

 Informazio laburtua (PDF 268KB)