Berriak

 

Urrian, Iratxe Fresneda zinemagileak BERTOKO OSTEGUNAK ekimena estreinatu zuen, Arrigorriagako pertsona entzutetsuekiko topaketen programa. Azken hilabeteetan Mikel Rico futbolariak, Ainhoa Galdeano patinatzaileak eta Armando Astarloa idazleak hartu dute parte programan, eta otsailaren 21ean Irati Morales etorriko da udalerriko herritarrekin denbora-tarte bat igarotzera.

Irati Moralesek behin eta berriz erakutsi du abesteko duen talentua; izan ere, hainbat castingetan eta telebistako nahiz irratiko musika-programatan hartu du parte. Gero eta gehiago dira bere parte-hartzea eskatzen duten ekitaldiak: azkena Abusu auzoan izan zen, Abusuko Zentro Soziokulturalaren XV. urteurrenaren omenez antolatutako ospakizunean.

Abeslari gaztearekin antolatu duten ekitaldia ere han bertan izango da, eta, bere hitzak entzuteaz gain, berarekin kafe bat hartu eta hitz egin ahal izango dute bertaratzen direnek. Aurreko topaketen moduan, hitzordua arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Ikusleek, galderak egiteaz gain, argazki bat atera ahal izango dute abeslariarekin.