Berriak

 

Gazteria Saileko programazioko 2019ko berrikuntzetako bat izango da ingelesezko Mindfulness ikastaroa. Martxotik ekainera bitartean egingo da, eta egunerokorako erlaxazio-teknikak ikasteaz gain, parte-hartzaileek ingeles-maila hobetu ahal izango dute, bertako irakasle batek ematen baitu tailerra.

Prestakuntza horretan, hainbat eduki landuko dira: gorputzaren esplorazioa, eserita edo oinez egindako meditazioa eta hainbat teknika gazteek beren emozioak kudeatzen, burua lasaitzen, eta komunikatzeko eta talde-lanean jarduteko gaitasunak hobetzen ikas dezaten. Estresa, antsietatea, urduritasuna eta halakoak arintzearekin batera, ingelesa ikasi eta maila hobetuko dute.

Ikastaroan interesa duten guztiek informatzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute otsailaren 18an, Gaztegunean, 19:00etan egingo den hitzaldian. Bertan, irakasleak informazioa emango du, eta estresari aurre egiteko hainbat teknika irakatsiko ditu.

Ikastaro honetarako, 18-35 urte bitarteko gazteentzako 15 toki daude. 35 urtetik gorakoek izena eman ahal izango dute, tokiak sobran badaude parte hartu ahal izateko. Ikastaroak hiru hilabete iraungo ditu —martxoaren 4tik ekainaren 3ra—, eta eskolak Gaztegunean emango dira, astelehenetan, 18:15etik 20:15era. 45 euro balio du, eta gomendatzen da ingelesezko tarteko maila edukitzea, ikastaroa ahal beste aprobetxatzeko.

Otsailaren 28ra arte eman ahal izango da izena, astelehenetik igandera, 16:00etatik 21:00etara, Gaztegunean, eta 08:00-14:45 ordutegian, Abusuko HAZan. Gogorarazten dizuegu deskontu eta hobari handiak daudela langabeentzat, ikasleentzat, familia ugariko kideentzat eta Abusutik mugitu behar dutenentzat.

 Kartela (PDF 146KB)