Berriak

 

Aurreko beste zenbaitetan gertatu den bezala, Arrigorriagako Udaleko Euskara Zerbitzuak “Eman Giltza” kanpaina bultzatuko du datozen egunetan. 1 eta 5 urte bitarteko haurrei eta horien gurasoei zuzendua dago eta euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantziaz ohartaraztea du helburu.

Alkarbiderekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eudelen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin garatutako kanpaina da. Aipatutako adineko haurren 500 etxetara helduko da azalpen-liburuxka  baten bidez.

Gainera, umeen adinaren arabera opari ezberdinak banatuko dira, besteak beste adur-zapiak, askarirako poltsak, KU-KU! liburuxka hitz, esaera, joko eta ariketekin bat euskaran lehen pausoak emateko eta diptiko informatibo bat.

Zentzu honetan, eta guztia errazago egiteko, kanpainaren oinarrizko euskarria  www.emangiltza.eus web orria da. Bertan aholkuak, gomendioak eta jokoak aurki daitezke, praktikara eramateko. Hiztegi, ipuin, marrazki bizidun eta abarren estekak bezain erreminta erabilgarriak ere daude.

Beste guraso batzuen testigantzak irakurri eta kontsultak egiteko aukera ere eskaintzen du. Gainera, inkesta bat betez gero, familia osoarekin gozatzeko sari apartak irabazteko aukera izango dute.