Berriak

 

Urtarrilaren 29an, arratsaldeko 20:00etan, “Pumori, mendiaren alaba” dokumentala proiektatuko da Lonbo Aretoan. Dokumentalak euskal mendizale-talde batek Everest mendiaren mendi-hegalean (7.100 metro) bizitako tragedia kontatzen du, baita Suku Maya txikiaren istorioa ezagutarazi ere. Alex Txikonek, Padura Mendi Elkarteak eta Udalak hartu dute parte filmaren ekoizpenean. Proiektu solidarioa da, bildutako funtsak neskato nepaldarrari laguntzeko erabiliko baitira.

Dokumentalaren helburuetako bat 2001eko urrian Sakana-Pumori espedizio nafar-gipuzkoarrean gailurrera iristen ari zirela hil ziren gazteei omenaldia egitea da. Beñat Arrue (22 urte) eta Iñaki Aiertza (27) gipuzkoarrak eta Aritz Artieda (23), Javi Arkauz (22) eta César Nieto (23) nafarrak elur-jausi baten ondorioz hil ziren, eta taldeko gainerako kideek ezin izan zuten ezer egin: ohartarazten eta erreskatatzen saiatu ziren, baina azkenean atsekabez beteta itzuli ziren etxera.
Urte bat geroago, Beñaten gurasoak, Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arrue, Nepalera itzuli ziren bi helbururekin. Alde batetik, istripuaren lekura itzuli eta hildako mendizaleei omenaldia egitea, eta, bestetik haien semearekin argazkia atera zuen hiru urteko neskato nepaldarra topatzea.

Suku Maya topatzea lortu zuten, eta gaur egun harreman estua dute, maiz bisitatzen baitute. Bisita horietako batean ikusi zuten haurra gaixo zegoela, eta Katmandura eraman zuten ziztu bizian. Ospitalean pneumonia sendatu zioten, baina giltzurrunean gaixotasun larriago bat antzeman zioten. Bikote euskaldunak helikopteroaren eta medikamenduen gastuak ordaindu zituen, baina kezkatuta itzuli ziren etxera.
Gipuzkoako ezagun bati esker, neskaren egoeraren berri izatea lortu zuten, baina egoera hori ez zen hobetzen. Lehengo urteko urtarrileko bisitan, Suku Mayaren (dagoeneko 20 urte zituen) familia konbentzitzea lortu zuten tratamendua Gipuzkoan jarraitzeko.

Osakidetzarekin harremanetan jarri ziren, baina, hiru egun geroago, egoerak okerrera egin zuen eta ospitaleratu egin behar izan zuten giltzurrunetako infekzio orokor batekin. Beharrezko zen ebakuntza kirurgiko bat egitea. Arantxa eta Peiok familia nepaldarra konbentzitu zuten ebakuntza baimentzeko, eta Suku Mayak aurrera ateratzea lortu zuen. Hala ere, berrizkaturak egon dira, bigarren kateter bat, hematoma bat... eta medikuntza-kontrola behar du. Iritsi zenetik 50 egun pasa ditu ospitalean ingresatuta, eta orain dialisi-aurreko egoeran dago. Dena dela, geroz eta gehiago ari da integratzen Aizarnan, euskara ikasten ari da eta herritarrek asko maite dute. Beñaten azken argazkiari (eta Suku Mayaren lehenari) esker maitasun-istorio ederra ezagutu dugu. Semea galdu ondoren neska nepaldarra ezagutu eta maitatu zuten gurasoen istorioa. Mendizale gaztearen heriotzak bizitza eman zion Suku Mayari.

Denok izan gaitezke abentura honen parte, SOS Himalaya fundazioari esker Suku Mayari laguntzeko aukera daukagulako. Dokumentala Azpeitian estreinatuko da gaur, eta ondoren Arrigorriagara, Igorrera, Donostiara, Andoainera, Berara, Etxarri Aranatzera, Bilbora eta Iruñeara iritsiko da, besteak beste.