Berriak

 

Gure udalerria eslogana estreinatzear da eta, nola ez, azken erabakia Arrigorriagako herritarrek hartuko dute. Iragan urtarrilaren 15ean egindako parte-hartze jardunaldian 10 eslogan aukeratu genituen prozesuan zehar jasotako 200dik gora proposamenenen artean eta, orain, azken fasean sartuko gara: bozketa erabakigarria.

Urtarrilaren 24tik otsailaren 24ra bitartean, bozketan parte hartu nahi duten arrigorriagarrek 10 goiburu horietatik 3 aukeratu behar izango dituzte eta, gerora, boto-kopuru handiena lortzen duen eslogana izango da irabazlea. 

Parte hartzeko nahitaezko baldintza bakarra udalerrian erroldatuta egotea izango da eta botoa emateko bi bide egongo dira: aurrez aurrekoa (udalerrian zehar jarritako 5 postontzietan) edota birtuala (Udaleko webgunean publikatutako formularioaren bidez).

Ekimenaren helburua eslogan integratzailea lortzea da, herritarren artean Arrigorriagakoa izatearen sentimendua indartzeko. Goiburu laburra bilatzen dugu, euskaraz eta gaztelaniaz, eta herriaren izaera azpimarratuko duena.

Parte hartzen duten pertsonen artean, Lonbo Aretorako 5 sarrera bikoitz eta Xiaomi MI A2 telefono bat zozkatuko dira;  sakelako horrek 6 GB-ko RAM memoria eta 20 eta 12 megapixeleko argazki-kamera bikoitza ditu.

Zozketa eslogan berriaren aurkezpen egunean bertan egingo da eta irabazleari telefonoz jakinaraziko zaio; izan ere, postontzietako boto-txarteletan edota webguneko formularioan telefono-zenbaki bat ematea beharrezkoa izango da.

Bozketa honen emaitzak iazko azaroan martxan jarritako parte-hartze prozesuari amaiera emango dio. Herritarrek datozen urteetan Arrigorriagari lotuta egongo den eslogana sortzeko  aukera izan zezaten abiatu genuen prozesu honek bizilagunen parte-hartzea izan du hasieratik eta bere fase guztietan. Hartara, bere emaitza goiburu integratzaile bat izatea espero dugu, arrigorriagar guztien artean eta herritar guztientzat egindakoa, eta udalerriaren identitatea eta herritarren artean arrigorriagar izatearen sentimendua azpimarratzeko eta indartzeko balioko dueña.