Berriak

 

Arrigorriaga Atzo kanpainaren harira, udalerriko antzinako irudiak berreskuratzeko helburua duena, Udalak Arrigorriaga Bihotzean proiektua abiarazi du, belaunaldi berriei antzinako Arrigorriagaren berri emateko eta helduenei aspaldiko oroitzapenak gogorarazteko ekimena.

Aitor González Iturbe film laburren ekoizlearen begirada originaletik abiatuta, udalerriko biztanleen haurtzaro eta gaztaroko bizipen, anekdota eta oroitzapenak bildu dira, herritar guztiekin partekatzea merezi duen dokumental zirraragarri hau osatu arte.

Azken asteetan, Udalaren ohiko hedabideen bitartez filmaren aurrerapen laburrak hedatu dira, eta bertsio osoa egun gutxi barru egongo da eskuragarri.

Alde horretatik, otsailaren 1ean (ostirala), arratsaldeko 20:00etan, Arrigorriaga bihotzean dokumentala proiektatuko da Lonbo Aretoan. Estreinaldiak ikusleak paper-fabrikaren soinuaren garaira eramango ditu, haurrak Ugertzako presan bainatzen ziren garaira, Artiach fabrikaren garaira, Globoan saskiratzen zen garaira, zinemetako bizitza sozialaren garaira, Abusu auzoaren garapenaren garaira, etxe orratzen eta mamuen garaira… Protagonistek gertakari, bizipen eta anekdota ugari kontatuko dituzte dokumentalean.