Berriak

 

2019. urtea hasi da, eta, beste behin ere, Arrigorriagako Udalak Zainduz programa jarriko du abian. Programa hori mendekotasuna eta/edo desgaitasuna duten senideak zaindu behar dituzten Arrigorriagako herritarrei dago zuzenduta, eta bere helburuak dira udalerriko zaintzaileen eta haien senideen ondoez emozionala murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, Udaleko gizarte-zerbitzuek zenbait zerbitzu eskaintzen dituzte, erabat doan. 

Hauek dira Zaindu programaren oinarrizko zerbitzuak: informazioa, orientazioa eta prestakuntza. Mendekotasun-arriskuan edo -egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalentzat dira, kontuan hartu gabe haien zaintzaile nagusiak diren edo ez, eta haien senideak diren edo ez.
Aurtengoan programak zenbait berritasun ditu. Batetik, “Zaintzaren Udal Zentroa” jarriko da abian, arreta integralagoa emateko asmoz.  Zerbitzu hori leku fisiko eta publiko bat da, eta bertan familiako zaintza-prozesuei buruzko informazioa, aholkularitza eta orientazioa emango zaie Arrigorriagako familia zaintzaileei, lan hori modu egokiagoan egin dezaten.  Zerbitzua ostiraletan emango da, 12:00etatik 13:00etara, Gizarte Zerbitzuetan (Urgoiti pasealekua 55, 1. solairua).

Bestetik, laguntza psikologikoko taldea martxan egongo da aurten ere. Alabaina, aurtengoan, programa udalerri osoan zabaldu eta herrigunetik ateratzeko asmoz, taldea Abusuko Zentro Soziokulturalean biltzea proposatu da. 2019ko martxoan hasiko da, eta 15 egunez behin egingo da, astelehenetan, 11:00etatik 13:30era. Saio horietan, zaintzaileen eta zaintzen dituzten pertsonen ongizatea hobetzeko zenbait jarraibide emango dira, familiako zaintzan aditua den psikologo baten laguntzarekin.

Horrez gain, aurrera jarraituko du nolabaiteko narriadura kognitiboa duten pertsonentzako psikoestimulazio-tailerrak.  Tailerraren helburua da mendekotasuna duten pertsonen narriadura mental, funtzional eta sentsoriala atzeratzea eta, aldi berean, zaintzaileei atsedenalditxo bat ematea. Ostiraletan izango da, 10:15etik 11:30era, Arrigorriagako erretiratu eta pentsiodunen etxean. 

Azkenik, urte osoan hainbat prestakuntza-saio antolatuko dira, eta gaiak zaintzaileen beharrak kontuan hartuta zehaztuko dira; izan ere, saio horien helburua da zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea, egunerokotasunerako tresnak eta baliabideak emanez. Arrigorriagako herrigunean eta Abusun egingo dira.

 Parte hartzeko baldintzak dira Arrigorriagakoa izatea eta senideren bat zaintzeko ardura izatea. Interesdunak Gizarte Zerbitzuetara bertara daitezke, edo 944 020 205 telefono-zenbakira deitu.