Berriak

 

Urte berriaren etorrerak berrikuntzak ekarri ditu Abusuko Gaztegunean eta Gaztetxokoan. Bi lekuetan Arrigorriagako nerabeek ikasteko aukera izango dute, eta baita hainbat jardueraz gozatzeko aukera ere, Gaztechef! saioarekin hasita. Hurrengo larunbatean izango da, urtarrilaren 12an, eta jakiekin eginiko amarru harrigarrietan oinarrituko da. Jarduera Gaztegunean egingo da, 18:00etatik 20:00etara.

Aurreko egunean, urtarrilaren 11n, Gaztetxokoko jarduerak hasiko dira, 2-D animazioko tailer batekin. Tailer hori beranduago Gaztegunean ere eskainiko da, abenduaren 18an. Abusun ostiral honetan izango da, 17:00etatik 19:00etara, eta Gaztegunean 18:00etatik 20:00etara.

Gainera, Abusun jarduera gastronomiko bat eskainiko da urtarril honetan: gozoki-opilak egiteko tailerra. Ekintza hau 17:00etatik 19:00etara izango da. Horrez gain, Zentro Soziokulturalean “slime” tailerra egingo da, urtarrilaren 25ean. “Slime” goma-antzeko koloretako masa bat da, garai bateko “blandiblu”-aren antzekoa.

Gaztegunean futbolin-txapelketa bat ere egingo da, urtarrilaren 20an, 18:00etatik 20:00etara. Hilabetea ixteko, larrua lantzeko tailerra eskainiko da urtarrilaren 26an, larunbata, 18:00etatik 20:00etara. Jarduera hauetan parte hartu ahal izateko, lehenik eta behin Gaztegunetik edo Gaztetxokotik pasatu beharko da izena ematera. Hala ere, ekintza guztiak doakoak dira.

Jarduerak egiten diren bitartean, Arrigorriagako Udaleko Gazteria saila dagoeneko hurrengo hilabetekoak prestatzen ari da. Otsailerako, Abusu Zentro Soziokulturalak honako jarduera hauek prestatu ditu: “hama” osagarrien tailerra, kamisetak moldatzeko tailerrak, futbolin-topaketa bat eta komikiekin diru-zorroak egiteko tailerra. Horrez gain, Gazteguneak honako tailer hauek eskainiko ditu: “slime” eta labazko lanparen tailerra, “cupcake”-en tailerra, komiki-tailerra, ping pong-eko topaketa eta komikiekin eginiko diru-zorroen tailerra.