Berriak

 

Gabonetako oporren hasierarekin batera, eta Arrigorriaga 2022 Gazte Estrategiaren barruan, Arrigorriagako Udalak teknologia-mintegiak antolatuko ditu udalerrian erroldatutako 15 eta 29 urte bitarteko gazteentzat. Plaza hutsak geldituz gero, 35 urte bitarteko gazteek ere izena eman ahal izango dute.

Mintegi horietan led-teknologia, soinu digitalak, 3D diseinua, lurreko hezetasuna neurtzeko sentsoreak eta etxeko argien eta alarmen urruneko kontrola landuko dituzte, besteak beste. Hori guztia plaka elektroniko baten bitartez egingo dute. Argi-, kolore- eta mugimendu-efektuak sortzen ere ikasiko dute, blokeen bidezko programazioari esker. Gitarra elektroniko bat ere programatuko dute, eta gitarra horrek igorriko dituen soinuak aukeratu ahal izango dituzte. Horrez gain, 3D inprimagailu bat erabiltzen ikasiko dute, baita hiru dimentsiotan diseinatzen ere.

Mintegiak bi txandatan banatuko dira: lehen txanda abenduaren 26an, 27an eta 28an eta bigarren txanda urtarrilaren 2an, 3an, eta 4an. Eskolak Gaztegunean emango dira, 10:00etatik 14:00etara, eta izena emateko orrian aukeratu beharko da zein astetan hartu nahi den parte. Hasteko hamabi plaza aurreikusi dira, 15 euroko zenbatekoan. Izena emateko epea abenduaren 19an amaituko da, eta bi lekutan eman daiteke izena: Gaztegunean (arratsaldez) eta Abusuko BAZen (goizez).

Eskaerek plaza-kopurua gainditzen badute, abenduaren 20an zozketa bat egingo da Gaztegunean, arratsaldeko 20:00etan. Teknologia-mintegietan parte hartzeko, adingabeek adindun baten baimena aurkeztu beharko dute izena emateko orriarekin batera.

Bestalde, azken urteetan zehar jarduera teknologiko ugari egin dira, eta, gazteen gaitasun eta zaletasun teknologikoa sustatzeko helburuarekin, prestakuntza teoriko-praktikoa indartzea erabaki da.

Prestakuntza-plan honen bitartez ikasleak teknologia- eta robotika-begirale izango dira, eta etorkizunean, eskolaz kanpoko ekintzetako eta udalekutako ikasleak heziko dituzte. Edozein gaztek har dezake parte prestakuntza-planean, baina bereziki interesgarria da honako profil hauentzat: irakaskuntza-ikasketekin eta haur hezkuntzarekin lotutako prestakuntza duten gazteak, astialdiko begirale gisa esperientzia duten gazteak edo kirol , musika- edo arte-begirale moduan lan egin duten gazteak.

Helburua honako hau da: parte-hartzaileek eskoletan STEAM proiektuak lantzeko trebetasun digitalak eskuratzea. Hori dela eta, robotika hezigarria, programazioa eta alfabetizazio digitala bezalako edukiak jorratuko dira.

12 plaza eskainiko dira, eta helburua prestakuntza trinkoa ematea izango da: horretarako, eskolak hiru asteburutan zehar emango dira, bai larunbatetan eta bai igandetan (09:00-14:00 eta 15:00-20:00). Interesa edukiz gero, harremanetan jar zaitezke Gaztegunearekin aurre-inskripzioa egiteko, eta, aurrerago, zehazteke gelditu diren alderdien inguruko informazioa jasoko duzu.