Berriak

 

Arrigorriagako Udalak beste urte batez Lanbarri Kultur Elkartea babestu du Umorea Labur jaialdiaren hamaseigarren edizioa abian jartzeko. Umorezko film laburren jaialdi horrek berriz eragingo ditu ezin konta ahala algara, abenduaren 10aren eta 15aren artean, Lonbo Aretoan.

Aurtengoan ere 200 lan inguru aurkeztu dira, eta 29 lehiatuko dira atal ofizialean. Ohikoa denez, asteartean hasiko da, eta lanak ostiralera arte ikusiko dira, baina 10ean bertan (astelehena), sariketa inauguratuko da atal berri batekin. “Laburretik luzera” izena izango du, eta horren baitan “Errementari” filma proiektatuko da. Gainera, filmaren zuzendari Paul Urkijorekin solasaldi bat ere antolatu da. Egileak film laburrekin lortutako arrakastaren ondoren, film luzera egin du saltoa, lan arrakastatsu honen eskutik.

Aurreko edizioetan bezala, ostiralean (abenduak 14) eskualdean egindako lanak aurkeztuko dira, #Nosolopaja cortos Made in Nervión (Nerbioin egindako film laburrak) izeneko espazioan. Bertan, beste behin ere, tokiko sortzaileek gordetako talentu paregabea egongo da ikusgai.

Aurten ere 3.000 eurotik gora banatuko dira saritan, eta larunbatean, 20:00etatik aurrera, itxiera gala egingo da, non txantxarriak banatuko baitira, epaimahaiaren erabakia ezagutu ondoren. Aurten epaimahaia Liliana Amante ekoizle eta zuzendari argentinarrak, Iván Miñambres Uniko-ko ekoizle exekutiboak eta Maitena Salinas kazetari eta aktoreak osatuko dute.

Epaimahaiaren erabakiaz gain, sari banaketan ikusleen saria, zuzendaritza onenarena, interpretazio onenarena eta Arrigorriagako institutuko ikasleek osatutako epaimahai gazte batek emandako beste bat ere banatuko dira.

Itxiera gala Gorka Aguinalde eta Iñigo Salinero aktore ezagunek aurkeztuko dute, Umorea Labur ekimenean jada falta ezin direnak. Eta aurten, ohorezko txantxarria Rosario Pardo aktoreari emango zaio, umorearen alorrean eginiko ibilbide artistikoa aitortzeko.

Kartela (PDF 100KB)