Berriak

 

Hamaika egun hauetan eremu sozial ezberdinetan ahobizi edo belarriprest moduan parte hartu ondoren, izena emandako pertsonek EUSKARALDIA agurtzeko aukera izango dute Arrigorriagan egingo den “mintzodromoan”. Arrigorriagako udaletxeko Euskaldun Berria aretoan izango da, 11:30etik aurrera.

Euskara ikasten ari den jendea euskaraz hitz egitera animatu nahi du MINTZODROMOAk; aukera eman nahi die euskaraz jakin arren, berau praktikatzeko aukerarik ez dutenei, eta hitz egiten jakin arren, erabiltzeko ohiturarik ez duten pertsonen gogoa piztu nahi du. Laburbilduz, euskara euskaraz elkarbanatzea du xedea.

Funtzionamendua

Parte-hartzaileak mahaien inguruan eseriko dira, lau edo bost pertsonako taldeetan, eta hainbat gaiz hitz egingo dute ordu betez. 15 minutu eskainiko zaizkio gai bakoitzari, eta behin gaia amaituta mahaiz aldatuko dira, baita solaskidez ere, eta beste gai baten inguruan jardungo dute beste mahai horretan.

Dinamika honekin eta euskara tresna izanik, tarte eroso eta dibertigarria igarotzea bilatzen da. Horrez gain, Beatriz Egizabal aktore eta clownak eskainitako bakarrizketa umoretsuaz gozatzeko aukera ere izango da, Bakarrizketa horren xedea gure hizkuntza-ohituren gaineko hausnarketan eragitea izango da.