Berriak

 

Abenduko lehen eguna hainbat jarduerarekin hasiko da Gaztegunean: 18:00etan, talo-tailer bat egingo da, euskal sukaldaritza parte-hartzaileei gerturatzeko eta euskarazko giro atsegin bat sortzeko.

Abenduaren 14an, Gabonen atariko moduan, Abusuko Zentro Soziokulturalak hartuko du erreleboa; 17:00etan, triku itxurako txartel-zorro bat egiteko tailerra egongo da. Opari original eta polit bat izan daiteke.

Astebete beranduago, abenduaren 21ean, toki eta ordu berean, Gabonetako egitaraua abiatuko da: hammarekin postalak egiteko tailer bat egingo da. Ordubete geroago, Gaztegunea Gabonetako apaingarriekin dekoratzeko tailer bat egongo da.

Hurrengo egunean, abenduaren 22an, irrikaz itxarondako Gabonetako irteera egingo da. Egun osoko irteera egingo da Bilbora, eta animatzen diren nerabeek izotzetan patinatzeaz, errealitate birtualeko jarduera batez eta ihes-gela batez gozatzeko aukera izango dute. Parte hartzeko, beharrezkoa da tutoreren batek sinatutako izen-emate orria aurkeztea, abenduaren 3tik 14ko 19:00ak arte. Toki mugatuak daude; beraz, eskainitakoak baino toki gehiago eskatzen badira, zozketa egingo da abenduaren 14an.

Abenduaren 23an, Gaztegunean, ping-pong txapelketa egingo da berriro, aurreko txapelketako errebantxa nahi dutenentzat. Abenduaren 26rako, berriz, sukaldaritza-tailer bat antolatu da, mazapanak eta txokolatezko turroia egiten ikasteko.

Jarraian, abenduaren 27an, light painting tailer interesgarri bat izango dugu; argazkilaritza-teknika interesgarri bat da. Argiarekin margotzen da, eta, haren bidez, Gabonetako postalak egin ahalko dira. Azkenik, abenduaren 28an, aurrez egindako argazkiekin, parte-hartzaile bakoitzak bere postala egingo du, eta aipatutako triku itxurako txartel-zorroa egin ahal izango da.

Jarduerak irekiak eta doakoak dira, eta, parte hartu ahal izateko, izena eman behar da, aldez aurretik, Gaztegunean. 2018ko bukaerako agenda horretaz guztiaz gain, 2019rako ere hainbat jarduera daude prestatuta: Gaztetxokoan, slime tailerra, ping-pong topaketa eta 2Dko animazio-tailerra. Gaztegunean, berriz, amarru-sukaldaritza tailer bat, larru-tailer bat, mahai-futbol topaketa eta 2Dko animazio-tailer bat ere egingo da.

Abenduko agenda (JPG 199KB)
Abenduko agenda Abusu (JPG 204KB)