Berriak

 

2018an hamabost urte beteko dira Abusu Zentro Soziokulturala ireki zenetik. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dira, eta abenduaren 1ean egingo den ospakizun-ekitaldiarekin emango zaie hasiera.

Hasteko, 18:00etan, pertsona ospetsuei eta bertaratzen diren guztiei harrera egingo zaie, eta ordu erdi beranduago hasiko da ospakizuna, azken hamabost urteetan egin diren jardueren argazkien proiekzio batekin. Jarraian, Abusuko Liburutegiak egin duen iragarkia ikusiko dugu, eta auzoko gazteek beren talentua erakutsiko digute: Rubikek magia egingo du, eta Irati Moralesek musika-emanaldi bat eskainiko digu. Ondoren, oroigarri bana emango zaie auzoko elkarteetako ordezkariei.

Beranduago, 19:30ean, bertaratuei luncha emango zaie beheko solairuko hallean. Ekitaldira joateko gonbidapena beharko da. Aurrez jaso beharko da Zentroko harreran, eta pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango ditu.

Ospakizuna abenduaren 1ean hasiko da, baina askotariko ekitaldiak egingo dira hilabete osoan zehar: hilaren 4an, 11n eta 18an, tailer ekologikoak egingo dira 12 eta 15 urte bitarteko haurrentzat; eta hilaren 12an, 13an eta 14an, eskulanen eta pinturen erakusketa bat ikusi ahal izango da ekitaldi-aretoan. Hauek hartu dute parte erakusketa horretan: Ollargan auzoko eskulanen tailerra, SIAL, Zubietxe, pintura-tailerra, ludoteka, Abusu auzo elkartea eta Gaztetxokoa.

Horrez gain, abenduaren 15ean (larunbata), ate irekien jardunaldia egingo da ludotekan, eta jolasak eta ipuin-kontalaria egongo dira. Eta, azkenik, abenduaren 21ean (ostirala), “Ilusión” antzezlana egongo da ikusgai beheko solairuko hallean, 19:00etan, adin guztietako publikoarentzat.

 Egitaraua (PDF 289KB)