Berriak

 

Oraindik Euskal Herri osoan egingo dugun ariketan parte hartzeko izena eman ez baduzu, zoaz kiroldegira, udaletxera edo Abusuko zentrora eta bete inskripzio-orria. Ondoren, txapa emango dizute. Hori bai: ondo pentsatu 11 egun horietan zein izango den zure rol edo egitekoa: belarripresta ala ahobizia?

Azaroaren 23an

Bihar bertan, azaroaren 23an, ostirala, herriko plazan elkartuko gara 19:30ean denon artean GIZA-MOSAIKOA egiteko. Helburua da nork bere mosaikoaren irudi zatitxoa jartzea denon artean irudi erraldoia osatzeko eta ariketa denon artekoa izango dela irudikatzeko.

Ondoren, musika izango dugu lagun, euskararen aldi hau alaia izatea nahi dugu eta. Horretarako, herriko “KANTATUAZ” taldeak kanta egiteko bidea erraztuko digu eta txalaparta-albokariak ere ekimen honen hasieran lagun izango ditugu.

Azkenik, aurretik izena eman dutenek ESTROPOZU bertso-eskolakoek antolatutako bertso-afarian parte hartzeko aukera izango dute, 22:00etan Elizondo jatetxean.

Abenduaren 2an

Euskaraldia ekimena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera amaituko den arren, guk , arrigorriagarrok, abenduaren 2an elkartuko gara 11:30ean udaletxeko 2. pisuko Euskaldun Berria erakusketa-gelan, iaz bezala, MINTZODROMOAN aritzeko. Mintzatzea, hitz egitea, berba egitea… Horixe izango da aitzakia parte-hartzaileok elkartu eta gure esperientziak partekatzeko. Aurten Beatriz Egizabal clown eta antzerkilariak umorea ardatz duen bakarrizketa saioa ekarriko digu. Emanaldi berezi honek Euskaraldia gizarteratu, euskaraldiaren barruan dauden dinamika eta jokabideak azaldu eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gertatu denaren berri emango digu. Azken finean, hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa eragitea da emanaldiaren helburu nagusia.

Kartela (PDF 183KB)