Berriak

 

2018ko Udazkeneko Kontzertuak larunbat honetan amaituko dira Gala Liriko tradizionalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak beka ematen dien pertsonen eskutik. Oraingoan, Lonbo Aretoan, Elisene Alzola Garamendik biolinarekin duen talentuaz eta Arrate Zubigaray Orbeak klabearekin duen trebetasunaz gozatzeko aukera izango dugu. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrerak 9 euro balioko du.

Elisene Alzola biolin-jotzaileak erdi-mailako gradu profesionaleko ikasketak egin zituen María Madru eta Ainhoa Agudoren tutoretzapean, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan (Bilbo), eta goi-mailako ikasketak Leipzigeko (Alemania) HMT-Leipzig Goi Mailako Kontserbatorioan, bere promozioko notarik onenarekin Master artistiko bat egin zuen Leipzigen, Mariana Sirbuk gainbegiratuta. Gaur egun, EOSekin eta BOSekin lankidetzan aritzen da.

Bestalde, Arrate Zubigarayk Juan Manuel Ibarrarekin (klabea) eta Itziar Atutxarekin (ganbera-musika) hasi zituen antzinako musikako ikasketak Bilboko Kontserbatorioan. Musika Hezkuntza eta Hezkuntzaren Pedagogiako ikasketak egin zituen Musikenen, Euskadiko Goi Mailako Kontserbatorioan. Ondoren, Herbehereetara joan zen Bizkaiko Foru Aldundiaren beka batekin, Hagako Errege Kontserbatorioan ikastera. Han, Jacques Ogg (klabea) eta Patrick Ayrtonen (baxu jarraitua) tutoretzapean ikasi zuen. Gaur egun, Kultura Ministerioaren MusaE 2018 (musika estatuko museoetan) programan parte hartzen du.