Berriak

 

Lehenengo bi emanaldietan (Twin Melody eta Ongi etorri lagunak haurrentzako musikala) publikoaren aldetik arrakasta itzela izan ondoren, asteburu honetan itzuliko dira Udazkeneko Kontzertuak, eta, oraingoan, Meridian taldeak proposatzen duen rock alternatibo eta originalaren txanda izango da.

Arrigorriagako taldearen ezaugarri nagusia da ez duela gitarrarik erabiltzen bere sorkuntza-lanetan. Taldea Lonbo Aretoan arituko da azaroaren 23an (ostirala), 20:00etatik aurrera. Sarrerak 7 euro balioko du.

Meridian 2017an sortu zuten Raúl de Paz (baxu-jotzailea), Alain Díez (bateria-jotzailea) eta Borja Gómez (abeslaria) artistek, eta gitarrarik ez izateak soinu berezi eta paregabea ematen dio. Abestiak baxuaren riff indartsuetatik abiatuta garatzen dituzte, indie eta pop estiloetatik hurbil dauden ahots-melodiekin eta bateria-soinu ozenekin.

Borja eta Raúl Arrigorriagako Bidebat taldeko kideak izan ziren eta bi disko argitaratu zituzten: Iluntzean, 2005ean (Gaztelupeko hotsak), eta Mina eta ezina, 2007an (Baga biga). Alain Díez Kresala orkestra mitikoko kidea izan zen eta Deabru Beltzak taldean ere parte hartu zuen. Nazioarteko biretan ere ibili izan da. Basaurikoa da eta, gaur egun, DRUMGORRI Laudioko Musika Eskolako gerentea eta zuzendaria da.