Berriak

 

Martiartu I industrialdearen jabekideen erkidegoak, Arrigorriagako Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustapenerako Sailaren elkarlanari eta aholkuei esker, honako hau jaso du: alde batetik, industrialdea kudeatzeko plana egiteko eta ezartzeko kostu osoaren % 75, eta, bestetik, industrialdean jarduteko eta hobekuntzak egiteko plana lantzea.

2018an zehar, Udalak Martiartu I industrialdearen ordezkariekin hainbat bilera izan ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak diru-laguntza lerro berri bati hasiera emango diolako gutxi barru, Elkartegiak Programaren barruan.

Informazio hori udaletxera heldu zen Arrigorriagak Bizkaia Orekan Proiektuan parte hartu zuelako. Foru Aldundiak eta BEAZek egiten dute proiektu hori 2016tik, eta bere helburua honako hau da: Bizkaia lehiakorra eta lurraldearen ikuspegitik orekatua izatea.

Deialdia 2018ko apirilaren 30an argitaratu zen, eta Udala eta Martiartu I industrialdearen jabekideen erkidegoa lanean hasi ziren haien artean lankidetza-hitzarmena lortzeko. Izan ere, horixe zen diru-laguntza jasotzeko eskaria aurkeztu ahal izateko baldintzetako bat. Azkenean, pasa den irailaren 28an aurkeztu zen eskari hori. Bizkaia osoan lau industrialdek baino ez dute lortu eskatutako baldintza guztiak betetzea eta eskaria epearen barruan aurkeztea.

Enplegu eta Ekonomia Sustapenerako Saila ahalegin handia egiten ari da udalerriko enpresetara hurbiltzeko. Horri esker, Martiartu Iekin akordio batera heltzea lortu da. Prozesu hau izango da sailak antolatutako jardunaldian azalduko duen gaietako bat. Hain zuzen, jardunaldi hori abenduaren 17an izango da, Arrigorriagako Udaleko Euskaldun Berria erakusketa-aretoan. Bertara gonbidatuta daude interesa duten udalerriko enpresa guztiak. Bertaratzeko gonbidapena baino ez da eskatu behar honako helbide elektroniko honetan: enplegua@arrigorriaga.eus.