Berriak

 

Arrigorriagako Udalak, emakumeen elkarte batzuekin batera, emakumeenganako indarkeriaren aurkako 2018ko sentsibilizazio-kanpaina antolatu du, indarkeria mota hori erabat desagerrarazteko beharrezko ekintza gisa.

Jarduerak azaroaren 19an (astelehena) hasiko dira; egun horretan, Arrigorriagako Beldur Barik lehiaketan aurkeztutako lanen epaimahaia bilduko da, eta emaitza hilaren 23ko (ostirala) sari-banaketan ezagutaraziko da.

Azaroaren 20an (asteartea), Abusun, zine-foruma egingo da 2017 urteko “Tres anuncios en las afueras” filmarekin. Hilaren 21ean (asteazkena), analista politikoa eta kazetari ezaguna den Nazanin Armanian irandarrak “emakumeen aurkako indarkeria Ekialde Hurbilean, modernitatea, fundamentalismoaren eta patriarkatuaren artean” hitzaldia emango du, Euskadiko hainbat tokitara egingo duen bisitaren barruan. Hitzaldia udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da, 18:00etan.

Azaroaren 22an (osteguna), Faktoria Lilako Irantzu Varelak “La manada fenomenoa eta gaur egungo egoera” gaiaz hitz egingo du, Abusu Zentro Soziokulturalean, 18:00etan.

Azaroaren 23an (ostirala), emakumeen aurkako indarkeriari buruzko horma-irudi bat egingo da udaletxean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Horretaz gain, leku berean herritarren bilkura egingo da eta udalaren adierazpen instituzionala irakurriko da. Eta azkenik, 2018ko tokiko Beldur Barik lehiaketaren sariak banatuko dira.

Larunbateko hitzordua Gasteizen izango da. Egun horretan, askotariko jarduerez osatutako programa baten barruan, Beldur Barik lehiaketaren sari orokorrak banatzeko ekitaldia egingo da. Programa goizean hasiko da, Europa jauregian; hara joateko autobusak antolatu dira Euskadiko hainbat tokitatik. Programaren helburua gazteak sentsibilizatzea da, arazoak gero eta eragin gutxiago izan dezan gazteen artean.

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, IX. Herritarren Martxa egingo da, herrigunetik Abusuraino, bi eremu horiek lotzen dituen ibilbide osasuntsutik. 6 kilometroko ibilaldia 12:00etan hasiko da, eta Buiatik igaroko da, errepide estutik igarotzea saihesteko. Martxa Abusu Zentro Soziokulturalean amaituko da. Euria izanez gero, horren ordez, herrigunetik egingo genuke ibilbidea.

Bukatzeko, aste horretatik kanpo baina hari lotuta, abenduaren 26, 27 eta 28an autodefentsa feministako tailerra egingo da udal kiroldegian. Tailerrak 12 orduko iraupena izango du eta prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko die adin guztietako emakumeei. Urtean zehar emakume askok ezin dute horrelako ikastarorik egin, eta horregatik antolatu da oporretan.

Programa hau etxez etxe banatuko da, aldez aurreko denbora nahikoarekin, herritarrek jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten. Programarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren “ZER EGIN EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN AURREAN?” gidaliburua banatuko da. Horren bidez, Euskadin biktimei eskaintzen zaizkien zerbitzu eta baliabideak jasotzen dira, egoera konplexu horri aurre egin ahal izateko.

Jardueren programa (JPG 178KB)