Berriak

 

Arrigorriagako Udaleko Gazteria sailak Halloween gaua ospatzeko egindako proposamenak arrakasta handia izan du laugarren urtez jarraian; izan ere, jai arrakastatsua izan da, eta 250 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte Gazteguneko instalazioetan eskainitako beldurrezko igarobidean. Etxeko txikienak gurasoekin batera hurbildu ziren, baina nerabe eta gazteak ere bertan izan ziren (5-6 urtetik gorakoak denak).

Nerabeak zein familiak 18:00etatik aurrera zeuden zain igarobidean bidaia beldurgarriaz gozatu ahal izateko. Bertan, parte-hartzaileek mimo handiz girotuta zeuden eszenak eta pertsonaiak ikusteko aukera izan zuten, besteak beste: hilobietatik ateratzen ziren bi zombi zituen hilerria,  harrapatu nahi gintuen lurra zuen igarobide bat, sorgin beldurgarri bat edabe bat egiteko laguntza eskatzen ziguna, harakin hiltzaile bat, The Ring pelikulako putzuko neskatila, armiarma-sarez inguratutako bi panpin espiritu maltzur batek hartuta, garezurren artean ezkutatutako pirata. Amaitzeko, etxe abandonatu batera sartu ginen moja bi gure zain zeudela: batak arreta galarazten zigun bitartean, besteak izugarrizko ikara ematen zigun ahalik eta arinen ihes egiteko. Horrek eragin zuen bizipena izugarria eta kitzikagarria izatea aldi berean.

Jaia amaitutakoan, atrakzioa muntatzeagatik Gazteria sailak jasotako zorion mezuak asko eta asko izan ziren, dibertsioa, ezustekoak eta beldurra uztartu baitzituzten. Jarduera 21:00ak arte egin zen modu antolatu batean eta jende ugarirekin, eguraldi txarra egin zuen arren.

Gazteria Sailak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei erakutsitako interesagatik eta bertan parte hartzeagatik. Gainera, asko poztu da jarduerak arrakasta izan duelako. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie igarobidean lagundu zuten sei nerabeei, bai eta aurreko egunetako prestatze-lanetan laguntzen ibili ziren nerabeen beste talde bati ere. Guztion artean Arrigorriagako Halloween jaiak izugarrizko arrakasta izatea lortu genuen.