Berriak

 

Aurreko urteetako emaitza bikainak ikusita, Arrigorriagako Udalak, ADECKA udalerriko merkatarien elkartearekin elkarlanean, Arrigobono ekimena abiarazi du berriz ere, tokiko denda txikiek osatzen duten sektorean erosketak egitea sustatzeko.

Azaroaren 5etik abenduaren 5era bitartean martxan egongo den “Arrigobono 2018 Kanpaina” ekimenerako 25.000 euro bideratu dira; zenbateko horretatik 23.500 euro bonuetan inbertituko dira, eta gainerakoa kanpainaren publizitatean eta kudeaketan.

Zentzu horretan, 30 euroko balioa daukaten 2.350 bonu jarriko dira herritarren esku; herritarrek prezio horretatik 20 euro baino ez dituzte ordaindu beharko, eta horrela 10 euro aurreztuko dituzte. Behin bakarrik erabili ahal izango da bonu bakoitza kanpainari atxikitako dendetan, eta denda horiek erraz identifikatu ahal izango dira, Arrigobonoaren marka erraz ikusi daitekeen leku batean jarrita izango dutelako.

Ekimenean parte hartuko duten dendek beren salmenta-puntua Arrigorriagan kokatuta izan beharko dute, eta ezin izango dituzte 10 langile baino gehiago izan; hala, baldintza horiek betetzen dituzten dendak ADECKAren bitartez kanpainari formalki atxiki zaizkio dagoeneko, baina zerrenda ez da oraindik itxi eta, nahi izanez gero, denda gehiago atxiki ahal izango dira behin kanpaina hasita.

Bonuak ezin daitezke diruaren truke aldatu. Gainera, ezingo dira bonu bat baino gehiago metatu, eta bonuak erabilita egin daitekeen gutxieneko erosketa 30 eurokoa izango da. Beraz, erosketaren zenbatekoa hori baino txikiagoa baldin bada, ez da eskudirurik itzuliko. Ekimenaz gozatzeko epea eta kanpainaren iraupena bera da, hau da, abenduaren 5era arte erabili ahal izango dira bonuak.

Hori horrela, herritarrek bonuak eskuratu ahal izango dituzte Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ), bai udaletxekoan, bai Abusu Zentro Soziokulturalekoan. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara bi tokietan, eta arratsaldetan, 16:00etatik 19:00etara, udaletxekoan. 2.350 bonuak agortu arte eskuratu ahal izango dira. Aurreko edizioetan salmentari lau egunez baino ez zaio eutsi.

Bonuak eskudirutan zein kreditu txartelarekin eros daitezke. Aurten bi bonu baino ezin izango dira hartu NAN bakoitzarekin, eta NAN originala edo kopia aurkeztu beharko da, bai eta 16 urte eduki erosketa egiten den unean ere.

Atxikitako saltokien zerrenda (PDF 96KB)

Kartela (PDF 175KB)