Berriak

 

Arrigorriagakoa izatearen sentimendua indartzea. Horixe da Arrigorriagako Udalak bultzatutako ekimenaren helburua. Ekimen horrek, elkarlanean, udalerria ordezkatuko duen eta era erraz eta sortzailean Arrigorriagaren identitatea eta baloreak transmitituko dituen goiburua sortzea du helburu.

Horretarako, eta proiektuaren izaera kolaboratiboari jarraikiz, Udalak parte-hartze prozesua abiaraziko du, nahi duten guztiek beren harri-koskorra jarri ahal izan dezaten datozen urteetan Arrigorriagari lotuta egongo den claim bat (goiburua, eslogana edo esaldia) sortzeko.

Prozesu horretako lehen hitzordua azaroaren 6an izango da, 19:00etatik 20:30era, udalerriko Kultur Etxean. Udalak deialdia egin die herritarrei goiburua sortzeko prozesua, haren helburua eta erabiliko den metodologia aurkezteko balioko duen topaketan parte har dezaten.

Gainera, jardunaldian zehar parte hartzeko dinamika erabiliko da, udalerria ongien definitzen duten elementuen, ezaugarrien eta sentimenduen lehenengo ideiak biltzeko. Azken batean, Arrigorriagaren ezaugarri diren ardatz nagusietara lehen hurbilketa egiteko balioko du: bizi-kalitatea, instalazioak, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak…

Hiritarrekin egingo den topaketa hori leloa sortzeko metodologian urtarrilaren erdira arte proposatzen diren lauretan lehena izango da.

Parte-hartzean eta adostasunean oinarritutako leloa

Arrigorriagarekin identifikatuko den goiburu bat sortzea da Udalaren helburua, bere izaera, historia, ezaugarri sozialak… islatuko dituena. Modu erakargarrian Arrigorriagaren nortasuna zehaztuko duena eta herritarren artean hori indartzen lagunduko duena.

Egiteko horretan, Udalak ezinbestekotzat jotzen du hasieratik herritarren parte-hartzea izatea, horrela, nahi duten guztiek parte hartzeko eskubidea izatea bermatuko duen prozesu ireki batean, eragile ezberdinen (herritarrak, enpresak, elkarteak…) iritziak eta ideiak bildu ahal izateko.

Hiru fase eta hainbat kanal

Leloa sortzeko prozesu horrek hiru fase izango ditu, eta parte hartzeko kanal ugari izango dituzte herritarrek. Lehena azaroan hasiko da, kontzeptuak eta baloreak sortzeko. Inspirazioa hartzeko ideiak azaleratzea izango da helburua, hurrengo faseetan goiburuak sortzen lagunduko dutenak. Aurreneko etapa honetan, herritarrez gain, Arrigorriagako eskola-komunitateak ere parte hartuko du, eta udalerriari buruzko bere ideiak eta hausnarketak proposatzeko aukera izango du.

Abenduan helduko da bigarren fasea, leloak sortzeari eta jasotzeari dagokiona. Lehen etapan jasotako ideietatik eta kontzeptuetatik abiatuta, prozesu irekia ipiniko da martxan herritarrek eta Arrigorriagako elkarteek sortutako goiburuak jasotzeko eta, horrela, aurrez aurreko espazioen bitartez (herritarrekin topaketak, ideiak jasotzeko gutunontziak jartzea…), modu kolaboratiboan goiburuak sortzeko.

Aurreko fasean agertutako ideiei eta ekarpenei buruzko gogoetak bideratzen lagunduko duten brainstorming eta brainwritting metodoetan oinarrituko da herritarrekin lan egiteko aurrez aurreko espazioetan erabiliko den dinamika.

Gainera, bigarren etapa honetan online espazioak ere egongo dira, ideiak, adibideak eta abar jasotzeko tresnekin (Interneteko formularioak, Whatsapp-a…).

Hirugarren eta azken etapari urtarrilean ekingo diogu: goiburuen lehen aukeraketa. Fase honetako helburua goibururik erakargarrienen eta egokienen lehen hautaketa egitea da, gero azken bozketa egiteko.

Iragazketa-lan hori Arrigorriagako herritarrekin eta elkarteekin egingo den laugarren eta azken parte-hartze topaketan burutuko da. Prozesu horretan, azken bozketa-prozesura igaroko diren 10 goiburuak aukeratuko dira.

Ondoren, ziur aski urtarrileko bigarren hamabostaldian, azken bozketa egingo da. Arrigorriagako herritarrei zabaldutako bozketa-prozesua izango da, eta Arrigorriagan erroldatutako pertsona fisikoek (herritarrak beren izenean) eta juridikoek (elkarteak, enpresak…) edo udalerrian egoitza duten erakundeek parte hartu ahal izango dute. Lehen aukeraketatik ateratako 10 leloen zerrenda Interneteko eta aurrez aurreko hainbat kanalen bidez kontsultatu ahal izango da, herritarrek bozka eman dezaten.

Prozesu honen guztiaren emaitza goiburu integratzaile bat izango da, arrigorriagar guztien artean eta herritar guztientzat egina, eta udalerriaren identitatea eta herritarren artean arrigorriagar izatearen sentimendua azpimarratzeko eta indartzeko balioko duena.