Berriak

 

Joan den urriaren 6an eta 7an, udalerriko 26 gaztek, Gazteguneko pertsona batek lagunduta, Salouko PortAventura parke tematikora bidaia bat egin zuten. Bidaia hori Gazteguneak proposatutako prozesu parte-hartzaile batetik sortu zen, gainera.

Irteeran parte hartu nahi zutenek erabaki zuten bidaia nola antolatu, uda baino lehen, hainbat bileraren bidez.  Lehen pausoa informazioa bildu eta bidaiaren data aukeratzea izan zen. Jarraian, irteteko ordua adostu zuten, sarrerak nola erosi, zer garraiobide erabili, Saloun ostatua bilatu… eta gazteak izan ziren erabakiak hartu zituztenak.

Parte-hartzaileak hainbat adinetakoak ziren (20-32 urte); beraz, erronka handia izan zen erabakiak adostea, kuadrilla bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. Sarrerak erosteko aukerarik merkeena bilatzeaz gain (Gazte Txartelari esker, deskontua izan zuten), erdiguneko hotel bat merke bat bilatu zuten Saloun eta larunbateko goizaldean ateratzea erabaki zuten, ostatu-gau bakarra egin eta bidaia merkatzeko.

Bestalde, PortAventura parkea, garai horretarako, Halloween gaiekin girotuta zegoen; beraz, betiko atrakzioekin konformatu ez, eta beldurrezko pasabideez eta dekorazio polit batez gozatu zuten.

Bai Gazteguneak bai parte-hartzaileek ondo baloratu dute nola bidaia hala prozesu parte-hartzailea. Horrenbestez, datorren martxoaren 9rako, 2019ko irteera kulturala aurreikusita dagoen egunerako, gazteek eurek erabakiko dute, berriz ere, zer egin egun horretan.

Prozesu parte-hartzailearen ondorioz, interesdunak gehiago inplikatu dira; hortaz, Gazteguneak oso ondo ebaluatu du eta ildo horri jarraituz lan egiteko asmoa du, gazteek gehiago parte hartzeko eta Gazteria Zerbitzuarekin konfiantza- eta gertutasun-harremana sortzen joateko.