Berriak

 

Gero eta jende gehiagok egiten du korrika, batez ere emakumeek; hori dela eta, Arrigorriagako Udalak “Zatoz gurekin korrika egitera” ekimena abiarazi du. Ekimen horren bitartez, korrika egiten hasi nahi duten emakumeak animatu nahi ditu sortuko diren bi taldetako batean parte hartzera; talde bat hasiberrientzat izango da, eta bestea, berriz, dagoeneko korrika egiteko ohitura dutenentzat.

Ekimena azaroan hasi, eta Arrigorriagako Herri Krosaren egunean (2019ko otsaileko azken igandean) bukatuko da. Parte hartzeko gutxieneko adina 15 urte da, eta izena ematen duten pertsonen mailaren araberako taldeak egiten saiatuko dira.

Hasiera batean, korrika egiteko saioak astelehenetan eta ostegunetan izango dira, 18:30etik 19:30era, eta 19:30etik 20:30era. Parte-hartzaile batzuek ordutegia edo eguna aldatu nahiko balute, dauden aukerak aztertuko dira, guztion artean zerbait adosteko. Saioa hasteko, beroketa egingo da; ondoren, zati nagusian, etengabeko lasterketaren teknika, progresioak, serieak eta abar landuko dira; bukatzeko, luzaketak egingo dituzte.

Jarduera doakoa da, baina taldeak osatzen direnean parte-hartzaileek gutxieneko konpromiso bat izan beharko dute, saioak ahalik eta baldintzarik onenetan egin ahal izateko. Kiroldegiko atezaintzan eman behar da izena, eta jarduera kiroldegian eta inguruetan egingo da.