Berriak

 

Ugaoko Bidea taldeak “¿Me merezco esto?” lana antzeztuko du, 20:00etan
Datorren urriaren 19an, antzerkia itzuliko da Lonboko agertokira: Ugaoko Bidea taldeak “¿Me merezco esto?” lana antzeztuko du. José Luis Urrutiaren zuzendaritzapean, eta Ernesto Fernándezek, Lourdes Pascualek, Maite Oribek, Bernar Pascualek eta Urrutiak berak antzeztuta, gazteleraz egingo dute, 20:00etan, 5 euroren truke.

 “¿Me merezco esto?” antzezlanak Piero Ranieri aurkeztuko digu. Piero Madrilen bizi den errealizadore italiar bat da eta urteak daramatza zinearen mundu zailean lekua egiteko ahaleginetan. Arrakastarik gabeko saiakera batzuen ondoren eta egoera profesional eta ekonomiko delikatuan, azken aukeraz baliatu nahi du Hollywoodeko ekoiztetxerik garrantzitsuenetako batek antolatu duen film laburren lehiaketa batera aurkeztuz. Laguna, aktorea, argazkilaria eta maitale ohia den Blanca Espinosaren laguntzarekin, abentura hasiko du. Gidoia idatzi dute, aktoreak aukeratzeko probak deitu dituzte eta dena prestatu dute film laburra filmatzeko. Probetara joan diren hautagai ugarien artean, hiru nabarmendu egiten dira euren gaitasunik ezagatik eta ezaugarri bereziengatik. Harrigarria badirudi ere, Pierok hiru horiek hautatuko ditu.