Berriak

 

Osasun Zentroak, Udalak, Gizarte Zerbitzuek, eskolek eta hainbat bizilagunen elkartek (erretiratuak…) osatzen dute Arrigorriagako Foro Soziosanitarioa, eta udalerrian osasun-gaien inguruan hausnartzeko gunea da. Hark proposatutako ekintzen esparruan, Elikadura Osasungarriaren Astea antolatu da, urriaren 22tik 28ra bitartean. Jarduera-sorta zabala programatu da, astelehenean bertan hasita, hilaren 22an, arratsaldez: lehenik, “Eman pozoia: gaixotzen gaituen elikaduran barrenako bidaia” hitzaldia egingo da, eskolan, 17:00etan, eta ondoren, 20:00etan, Kultur Etxean, “Geure neurria eta bizitza janariaren bitartez” anorexiari eta bulimiari buruzko informazio-tailerra.

Toki berean, hurrengo egunean, “Elikadura eta kirola” hitzaldia egingo da, 20:00etan, eta asteazkenean, hilaren 24an, ordubete lehenago (19:00etan), beste hitzaldi bat izango da; haurren obesitateari buruz arituko dira, eta aurrea hartzea posible ote den landuko dute.

Ostegunerako beste hitzaldi bat dago antolatuta, eskolan: “Hamaiketako eta askari osasungarriak”. 17:30ean izango da, eta ostiralean beste bi jarduera egingo dira. Alde batetik, Abusuko Gazte Txokoan “Gazte-zumba eta irabiatu suspergarriak” tailerra emango da, eta, bestetik, zentro soziokulturalean “Organic” haurrentzako antzezlanaz gozatu ahal izango da.

Larunbatean, urriaren 27an, 17:00etan, “Sukaldaritza osasungarria” ikastaroa egin ahalko dute 8 eta 12 urte bitarteko haurrek. Aldez aurretik izena eman beharra dago, Kultur Etxean. Gainera, Gaztegunean “Gazte-zumba eta irabiatu suspergarriak” saioa egingo da berriro, 18:00etan, eta, jarraian, “Show cooking” bat, udaletxeko arkupeetan.

Azken jarduera igandean izango da, urriaren 28an: goizeko 10:00etan hasita, ibilaldi osasungarria egingo da Beteluri eta Bentalta artean, bi ordu ingurukoa. Edonola ere, hainbat modutara egongo da elikadura osasungarria presente egunero. Udal-liburutegietan interes-puntu bat jarriko da, gai horri buruzko liburuekin eta DVDekin, eta bertaratzen direnek, gainera, fruta-saski bat aurkituko dute, probatu eta dastatzeko.

Aste osoan, askotariko fruta banatuko zaie, eskolan, 1. eta 2. mailako ikasleei; 3. eta 4. mailako ikasleentzat errezeta osasungarrien lehiaketa bat egingo da, eta WALL-E filma proiektatuko da 5. eta 6. mailakoentzat, Lonbo aretoan. Institutuan eta anbulatorioan ere gozatu ahal izango da askotariko frutaz.

Egitaraua (PDF 3MB)