Berriak

 

Denboraren joanak, aurrerapenera egokitzeak edo 1983ko uholdeak bezalako hondamendiek asko aldatu dute Arrigorriagako fisonomia. Udalerriak aldaketa handiak izan ditu, eta, modernitaterako bide horretan, hainbat eraikin garrantzitsu, balio emozional handiko txokoak, udalerriaren izaera islatzen zuten elementuak eta, laburbilduz, bizipenez beteriko gune ugari galdu ditu. Dagoeneko ez dira existitzen egungo paisaian, baina bai oraindik gure oroimenean eta, batez ere, garai hartan ateratako argazkietan; argazki horiek erabilgarriak izan daitezke denboran iraun dezaten.

Tamalgarria da herritar askoren haurtzaroan eta helduaroan hain garrantzitsuak izan ziren toki horiek guztiak tiradera edo albumetan ahaztuta egotea. Belaunaldi berriek antzinako Arrigorriaga ezagutu dezaten eta hain gazteak ez direnek berriz deskubritu dezaten, Udalak kanpaina bat abiarazi du, argazkietan gordetako oroitzapen horiek herritarrekin partekatzeko.

Ateneoa, kioskoak, Globoa... partekatu beharko litzatekeen historiaz beteriko iragan baten aztarnak dira. Horretarako, argazkiak partekatzeko hainbat bide ezarri dira.  Paperean aurkez daitezke Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta Abusuko Zentro Soziokulturalean. Bertan, eskaneatu eta itzuli egingo dituzte argazkiak. Horrez gain, formatu digitalean eskaneatu eta arrigorriagaatzo@gmail.com helbide elektronikora bidal daitezke, baita Arrigorriaga atzo Facebookeko orrian zuzenean partekatu ere.