Berriak

 

Arrigorriagak Euskal Astea ospatuko du, datorren astelehenetik urriaren 21era (igandea). Aste horren barruan, askotariko jarduerak antolatu dira, euskara eta euskal tradizioak oinarri hartuta. Arte eszenikoak, musika-ikuskizunak, herri-kirolak eta euskal produktuen azoka tradizionala egongo dira, besteak beste, programa alai eta parte-hartzaile honetan; eskola publikoak ez ezik, udalerriko hainbat elkartek ere parte hartu dute.

Lehenengo jarduera astelehenean bertan (urriak 15) izango da, Lonbon, 10:00etan; 4 eta 5 urteko ikasleek Itoiz ipuin-kontalariaren saioa ikusi ahal izango dute. Urriaren 16an (asteartea), 10:00etan, 1. eta 2. mailako ikasleentzako antzerkia egingo da: “Azken eguzkilorea”. Bestalde, hilaren 17an (asteazkena), ordu berean, 3. eta 4. mailako ikasleek “Kalean otso etxean uso” antzezlana ikusi ahal izango dute, eta, Lonboko haurrentzako ikuskizunak amaitzeko, hilaren 18an (osteguna) “Bertso musikatuak” saioa egingo da, 5. eta 6. mailako ikasleentzat, hori ere 10:00etan.

Ostiralean, programazioa plazara mugituko da. 19:00etatik aurrera, herri-kirolen erakustaldia egongo da, eta, ordubete geroago, “Euskaraldia, 11 egun euskaraz” ekimena babesteko topaketa izango dugu. Eta eguna amaitzeko, Markelin DJaren emanaldia.

Ondoren, urriaren 20a (larunbata) kalejira batekin hasiko dugu, eta 19:00etan, Aritz Berri tokiko taldearen eta Ibizako Grup Folkloric Sa Colla de Buscastell taldearen dantza-ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu. Ordu eta erdi geroago, hau da, 20:30ean, Haladzipo kantu ibiltariak Arrigorriagako kaleak girotuko ditu herri-kantekin.

Eta, azkenik, hilaren 21ean (igandea), azoka tradizionala egingo da: 30 postu jarriko dira baserriko produktuak, sagardoa eta Eusko Labeleko pintxoak erosi eta dastatzeko. Azoka 10:00etatik 15:00etara egongo da irekita, eta, horrez gain, 13:00etan, herriko bertsolariek emanaldia egingo dute. Eta 2018ko Euskal Astea amaitzeko, 18:00etatik aurrera erromeria egongo da pergolan.