Berriak

 

Tailerraren lehen zatia uda baino lehen egin zen Abusun eta herrigunean, eta harrera ezin hobea izan zuen: emakume ugari bertaratu ziren eta saioen balorazio ona egin zuten. Hori ikusita, Udalak egokitzat jo du arlo honetan aurrera egitea, eta gaia sakonago aztertzeko bigarren modulua antolatu du, 8 ordukoa.

Tailerraren helburua da emakumeei, mindfulness-aren bidez, bizi-estilo berri bat edukitzen laguntzea, autoerrealizazio pertsonalerako oinarri gisa. Tailerrean prestakuntza teoriko-praktikoa emango da, eta bi zati izango ditu: lehenengoa mindfulnessean entrenatzeko eta bigarrena helburu pertsonalak betetzeko.

Mindfulnesseko entrenamenduaren xedea da parte-hartzaileek adimena lasaitzen, orainaldiari arreta emanez bizitzen eta beren errealitatea kontrolatzen ikastea. Helburu pertsonalak betetzeari dagokionez, autoestimua eta autoezagutza landuko dira, dekretu pertsonalak eta helburuen mapak egingo dira eta teknika espresak landuko dira ametsak eta gurariak erakartzeko.

Horretarako, 4 saio teoriko-praktiko egingo dira, bakoitza 2 ordukoa. Bi emakume talde izango dira herrigunean eta bat Abusun, eta denek ikastaroaren lehen zatia egina izan beharko dute. Saioak egun hauetan izango dira: herrigunean, urriaren 8, 15, 22 eta 29an edo urriaren 10, 17, 24 eta 31n, 15:30etik 17:30era, udaletxean; eta Abusun, urriaren 9, 16, 23 eta 30ean, 18:00etatik 20:00etara, Zentro Soziokulturalean.

Tailerretan parte hartzeko nahitaezkoa izango da tailerraren lehen zatia egina izatea, eta Berdintasun Sailak berak osatuko ditu taldeak. Bi tailerrak Belén Andrés psikologoak gidatuko ditu. Teknika psikoterapeutikoetan aditua da eta “Lo que mi alma ya sabía” liburua idatzi du, eta antzeko tailerrak gidatu izan ditu inguruko udalerrietan, arrakasta handiz gainera.