Berriak

 

Arrigorriagako Udalak, Berdintasuna eta Gazteria sailen bidez, indarkeria sexistaren aurkako portaera eta jarrera guztien aurrerapena sustatzeko konpromisoa berretsi du, eta ondoz ondoko bosgarren urtean buru-belarri arituko da aurten zortzigarren edizioa beteko duen Beldur Barik Jarrera 2018 lehiaketan.

Lehiaketaren helburua mota guztietako arte adierazpenak aintzatetsi, balioetsi eta bultzatzea da, baldin eta gaur egun emakumeen desberdintasun egoerei neska-mutilek aurre egiteko duten modua erakusten badute errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako jarrera eta jokabidez osatutako moduan, hain zuzen, indarkeria sexista erabat arbuiatzen duena.

Lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 24tik azaroaren 9ra egongo da irekita, eta 12 eta 26 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte baldin eta EAEn bizi badira edo bertan ikasten badaude. Bi kategoria egongo dira, lehenengoa 12 eta 17 urte bitartekoa eta bigarrena 18 eta 26 urte bitartekoa. Era berean, banaka edo taldeka hartu ahal izango dute parte, ikastetxe edo elkarte gisa. Pertsona eta talde bakoitzak, gehienez ere, 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu.

Edozein motatako arte-adierazpen onartuko da (flashmobak, ozen irakurritako olerkiak, bideoklipak, fotomuntaketak, film laburrak, animazio proiektuak...), betiere, ikus-entzunezko formatuan aurkezten badira bideoen plataforma bateko esteka baten bitartez (Youtube edota Vimeo). Hala ere, kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, gogoetak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna,  hau da, matxismoaren aurka mutilek erakusten duten konpromisoa eta nesken ahalduntzea erakusten duten mezuak sortzea sustatuko da, Beldur Barik jarrera islatzeko.

Jarrera horrek dakar indarkeria matxistaren adierazpen sentsazionalistatik eta melodramatikoetatik ihes egitea, ikuspuntu kritiko, hausle eta positibo batetik aurre egitea, nesken ahalduntzea eta autodefentsa agerian uzteko, eta berdintasunaren aurka mutilen jarrera kritiko, proaktibo eta konprometitua erakusteko, bai eta askotariko gorputz, identitate eta sexualitateak ere.
 
Lehiaketa orokorra azaroaren 24an egingo den TOPAKETAn ebatziko da, baina tokiko lehiaketaren sari-banaketa azaroaren 23ean egingo da EMAKUMEEN INDARKERIAREN AURKAKO 2018KO KANPAINAren barruan.

Horrez gain, Arrigorriagako Beldur Barik 2018k tailerrak egingo ditu udal-institutuko DBHko hainbat ikasgelatan, tokiko lehiaketan parte-hartzea sustatzeko. Bestalde, autodefentsa feministarako tailer bat egingo da nesken ahalduntzea sustatzeko, orokorrean, berdintasun ezagatik edo indarkeriagatik sortzen diren egoeren aurrean.

Webgune honetan aurkituko dituzu kanpainaren eta lehiaketa orokorraren zehaztasun guztiak: www.beldurbarik.eus, eta oinarriak udalaren webgunean ere kontsultatu ahal izango dituzu: www.arrigorriaga.eus

Oinarriak (PDF 1,34MB)