Berriak

 

Arrigorriagako Udal Liburutegiak (herrigunea) programazio osatua dakar 2018-2019 ikasturterako. Helduentzako irakurketa-animazioaren alorreko hainbat jarduera egingo dira, besteak beste sormenezko idazketako tailerra edo irakurketa tailerra. Horrez gain, Berdintasun Sailak Amatasunak eta literatura tailerra antolatuko du. Bestalde, arreta handia jarriko zaie haurrentzako jarduerei, txiki-txikitatik irakurtzeko ohitura garatu eta sendotzeko. Hala, familian irakurtzeko 4-6 urtekoentzako irakurketa-kluba eta ipuin-kontalari musikatuak izango ditugu, 3-5 urteko seme-alabekin liburutegira etor zaitezten, musikaz lagundutako ahozko kontakizunez gozatzera.

Zehazki, sei jarduera antolatu dira ikasturte berrirako. 4 eta 6 urte arteko haurrentzako irakurketa-kluba urrutik martxora izango da, hilean ostiral batean. Bestalde, urriaren 26an eta azaroaren 30ean 3 urtetik gorakoentzako ipuin-kontalaria izango dugu; jarduera horretan musika eta haur-literatura elkartuko dira, eta familia osoarekin fantasiaz gozatzeko aukera izango dugu.

Halaber, helduentzako hiru jarduera eskaintzen dira. Irakurtzen gozatzen dutenek eta irakurritakoa partekatu nahi dutenek tailerrak izango dituzte, baita literatura idazten hasi nahi dutenek ere, asteazkenero, urritik aurrera. Eskaintza hori osatzeko, Berdintasun Sailak “Amatasunak eta literatura” tailerra antolatu du; tailerraren helburua da amatasunaren inguruan hausnartzea, gizarteko eta literaturako gai gisa, eta alor horretako kritika feminista sakonago ezagutzea. Lau saio izango dira, azaroaren 15, 22 eta 29an eta abenduaren 13an, 19:00etatik 21:00etara. Parte-hartzea errazteko, haurtzaindegi-zerbitzua egongo da.

Tailerren batean parte hartu nahi dutenak liburutegira joan daitezke (Urgoiti pasealekua 8; tel.: 946712361; liburutegia@arrigorriaga.eus) informazio gehiago jasotzeko eta erreserba egiteko.

Jarduerak (JPG 118KB)