Berriak

 
Aurten ere Arrigorriagako jaiek sukaldarien trebetasunari proba egingo diote Angel Mínguez Gastronomia Lehiaketaren bidez. 2018ko Madalenetan lehiaketaren XXXV. edizioa egingo da. Tradizioak agintzen duenez, lehiaketa uztailaren 21ean izango da, Ugertza parkean. 10:00etatik aurrera bakailao-, marmitako-, paella- eta tortilla-lurrina leku guztietara iritsiko da.

Aurreko edizioan bezala, garaikurrekin batera, irabazleek “katilu kultural” bat ere jasoko dute, Arrigorriagako artisten CD eta liburuz beteta. Aurten modu berezian eskertu nahi zaie aurreko edizioetan era desinteresatuan garaikurrak eta askotariko opariak eman dituzten establezimenduei.

Sukaldaritzako hitzordu garrantzitsu horrez gain, jaietan gastronomiari lotutako askoz ere ekitaldi gehiago antolatu dituzte; adibidez, berdintasunerako paella-jana. Uztailaren 23an egingo da, astelehenean, arratsaldeko 15:00etan, udaletxeko arkupean. Prezioa bost euro izango da, eta musikarekin girotuko da.

Ostirala ere, uztailaren 20a, egun garrantzitsua izango da. Izan ere, udalerriko erretiratu eta pentsiodunak omentzeko bazkari-omenaldia egingo da 14:00etatik aurrera, kiroldegiko kantxa urdinean, eta ondoren dantzaldia egongo da Ganeko taldearen eskutik. Ordubete geroago, Joan XXIII.aren plazan bertso-bazkaria egingo da, besteak beste Jone Uria eta Agin Laburu bertsolariekin. Arratsaldean oraindik gose direnek Gure Esku Dagok antolatutako txistorra-jan herrikoiaz gozatu ahalko dute. 20:30etan, urteroko izozki-banaketa tradizionala egingo da Kultur Etxearen sarreran.

Hilaren 22an, Madalena Egunean, mistelak eta madalenak banatuko dira goizean, eta eguerdian, janaurrekoan, txakolina eta olibak. Ordu erdi geroago, VII. Oliba-hezur Jaurtiketa egingo da, egitarauan agertzen diren beste zenbait txapelketa dibertigarriren artean: pizza-jaurtiketa, tiragoma-txapelketa… Gainera, mus- eta tute-txapelketak edota haurrentzako lehiaketak, puzgarriak, aparra eta buruhandiak egongo dira. Bestalde, etxeko txikientzako jarduera ugari antolatuko dira.