Berriak

 

Jaien atariko gisa, udaletxeko plazan "Van sobre ruedas" Food Truck Market azoka egingo da datorren asteburuan. Azoka hori hirugarrenez izango da Arrigorriagan eta dagoeneko ezagunak diren furgoneta gastronomikoekin batera, adin guztietarako jarduerez betetako egitaraua ere izango dugu.

Azoka hilaren 13an (ostirala) hasiko da 18:00etan, eta egokitutako hamabi ibilgailuetako elikagai-eskaintza zabalaz gain, gazteenek haurrentzako jarduerez gozatu ahal izango dute 19:00etatik 21:00etara. Lehen egun honetan, 19:30ean Marta Urionak kontzertua emango du, eta 22:00etan Sicacústica taldeak joko du.

Hilaren 14an (larunbata), azoka eguerditik gauerdira egongo da zabalik, eta haurrentzako jarduerak 13:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egingo dira. Bestalde, helduentzako magia-emanaldia eskainiko da 19:00etan. Zuzeneko musika ere izango da Ander y Sofía taldearen eskutik 20:30ean, eta Cheaters Trío Country Band taldearen eskutik 22:00etan.

Azken egunean, hilaren 15ean (igandea), azoka eguerditik 22:00ak arte izango da zabalik eta haurrentzako jarduerak egitea aurreikusten da 13:00etatik 15.00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Haurrentzako magia-ikuskizuna ere izango da, 18:30ean, eta Debajo del paraguas taldeak emango die amaiera musika-emanaldiei, 20:30etik aurrera.