Berriak

Esteka hau leiho berri batean irekiko da 

Arrigorriagako Udalarentzat berdintasunak jaietan ere presente egon behar du. Hortaz, alkoholak, ordutegiek eta parrandak ezin dituzte justifikatu emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriazko eta errespeturik gabeko harremanak, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzea eta leku batzuetan eta ordu jakin batetik aurrera emakumeak segurtasunik gabe edo ikaratuta sentitzea.

Horrenbestez, gure helburua da errespetuan oinarritutako MADALENAK bizi ahal izatea, inolako erasorik edo hori sor dezakeen inolako jarrerarik gabe. Herritar guztiei emakumeak errespetatzen ez dituen edozein ahozko adierazpen edo adierazpen fisiko aktiboki aurkaratzeko eskatu nahi diegu.

Premisa horiekin, Berdintasun Sailak dibulgazio-bideo bat egin du, batez ere herriko gazteei zuzenduta. Bertan, herriko jaietan gehien errepikatzen diren hiru egoera matxista islatzen dira, horiek saihestu ahal izateko: emakumeek “zerbitzatzea” espero duten gizon eta mutilak, herri-bazkarietan, adibidez; jaietan neskak “zirikatzen” dituzten gizon eta mutilak, haiekin “ligatzen” saiatzean; eta reggaeton abestiak taberna, dantzaldi eta txosnetan, gehienak letra matxistak dituztenak, herritar guztien parte-hartzearekin. Horrez gain, bideoan Arrigorriagan eraso sexistei aurre egiteko intereseko telefonoak jasoko ditu, eta Udalaren webgunean eta sare sozialetan egongo da ikusgai.

Osagarri gisa, eraso sexistarik gabeko jai berdinzaleen aldeko lehenbiziko tailer ibiltaria antolatuko da, gizarte-hezitzaileen bikote batek osatutako talde baten bitartez. Taldea jai-esparru nagusietatik ibiliko da uztailaren 19an eta 21ean, gaueko ordutegian. Hala, gazteekin hitz egin eta bideoa erakutsiko die. Horrez gain, kanpainarekin lotutako materialak emango dizkie; adibidez, gazteentzako baliabide-gidak eta eraso sexisten aurkako eskumuturrekoak.

Bi jarduketak diseinatzeko aintzat hartu dira 2017ko Madalenetan jarritako eraso sexisten aurkako informazio-karpan herritarrek eginiko ekarpenak.