Berriak

 

Udaleko Gazteria Sailak aurten hirugarren aldiz eskainiko duen landa-lanen programaren bidez lankidetza ezarri da mugakide dugun herrialdearekin. Horri esker, 13 eta 15 urte arteko 29 nerabe eta 4 begirale izango ditugu uda honetan Arrigorriagan, gazte-truke baten barnean.

Nerabeak Akitania Berriko Communauté de communes du Pays Ribéracois eskualdetik etorriko dira (Dordoina departamendua), eta Arrigorriagan izango dira uztailaren 15etik 21era bitartean.

Egonaldi horretarako, Gazteria Sailak jardueraz beteriko astea prestatu du: asteartean, hilaren 17an, Añanako Gatz Harana, Tuestako eliza, Varonatarren dorrea eta Valderejoko Parke Naturala bisitatuko dituzte (Araba); asteazkenean, hilaren 18an, beste irteera bat egingo dute Bermeo eta Gernikako Bakearen Museoa bisitatzeko, eta arratsaldea Lekeitioko hondartzan igaroko dute. Horrez gain, beste zenbait jarduera ere aurreikusi dira: Bilbora bisita, arratsalde-pasa kiroldegiko igerilekuan, auzolanak Mendikosolobarrena eta Mintegia Parkean...

Ostiralean, hilaren 20an, Madalenen hasierarekin batera, ginkana berezi bat egingo dute herriko nerabeekin batera.

Hori dela eta, Gazteria Sailak dei egiten die 12 eta 16 urte arteko nerabeak dituzten familiei Gaztegunearekin harremanetan jarri eta izena eman dezaten, programatutako jardueretan edota Madelenetarako prestatutako ekintzan parte hartu ahal izateko.

Parte-hartzaileek Frantziako lagun berriak egin ahal izango dituzte, eta aurten parte hartzen duten gazteek eskualde hori bisitatzeko aukera izango dute agian datorren urtean. 

Plaza gutxi daude eta izena emateko azken eguna uztailaren 11 izango da.

Gaztegunea: 946 001 876 gaztegunea@arrigorriaga.eus