Berriak

 
Uztailaren 5ean (osteguna), fronteniseko txapelketaren finala jokatuko da pilotalekuan eta, ondoren, The Daltonics taldeak kontzertua eskainiko du. 19:00etatik aurrera, batukada batek auzoa girotuko du kalejira baten bidez eta, ordubete geroago, pregoia eta euskal dantzak egongo dira Zentro Soziokulturalaren plazan, Bolintxu elkartearen eskutik. Eta uztailaren 6an (ostirala), asteburu osoa iraungo duten 2018ko Abusuko jaiak hasiko dira.

Jaiak hasi eta minutu batzuen buruan, gazta eta txakolin dastatzea egingo da. Hanburgesa txikiak ere dastatu ahal izango dira, 1,5 euroren truke. Eta, 23:00etan, Sukar taldeak amaiera musikala emango dio jaietako lehen egunari.

Jaien erdigunea uztailaren 7a izango da. Goizez, txahal bat erreko dugu pilotalekuaren inguruan, eguerdian errazioetan banatzeko. Eguerditik aurrera, haurrentzako parkea eta puzgarriak jarriko dira Santa Isabel plaza berrian, xake-txapelketa jokatuko da Zentro Soziokulturalaren plazan eta Play Station txapelketa izango da erretiratuen etxean.

Herri bazkariaren ondoren, etxeko postreen lehiaketa egingo da eta, beranduago, Tolín el Mariatxiren ikuskizunarekin gozatu ahal izango dugu. Gero, tute arineko txapelketa egingo da, Sergio magoak bere ikuskizuna eskainiko digu eta txikientzako gimkana bat egongo da. Eta, horrez gain, entzierroa egingo da Santa Isabel kaletik Olatxura arte. Horren ostean, txorizo-jana eta erromeria egingo dira Olatxuko plazan. Eguna ixteko, disko-dantza egongo da pilotalekuan.

Eta igandean, egunari hasiera emango diogu hainbat gastronomia-lehiaketaren eskutik: pintxoak (perretxiko edo barrengorriekin), tortillak eta paellak. Pilotalekuaren eremuan egingo dira, eta platerak 13:00etan, 14:00etan eta 14:30ean aurkeztuko dira, hurrenez hurren. Haurrentzako parkea 11:30etik aurrera egongo da irekita eta, eguerdi aldera, igel-toka txapelketa antolatu dugu. Ordu eta erdi beranduago, irrintzien IV txapelketa egingo da eta, horren ostean, sari guztien banaketa. Ondoren, 14:45ean, herri bazkaria egingo dugu.

Bazkariaren ondoren, 16:30ak aldera, karaokea egingo da pilotalekuan eta, 18:00etan, futbito-txapelketako finala ikusi ahal izango dugu. Gero, urteroko txokolate-jana. Jaiak amaitzeko, disko-txiki bat egingo da 20:00etan, eta, ondoren, beti bezala, maskotari agur esango diogu, 22:30ean.

Egitaraua ikusi (PDF 414KB)