Berriak

 

Ikasturte amaieran euskaltegiko ikasleen asebetetze maila ezagutzeko egindako inkestan “bikain” nota jaso du Arrigorriagako Udal Euskaltegiak. Izan ere, parte hartu duten 79 erabiltzailetik 72k (% 91k) eskainitako zerbitzuarekin oso pozik daudela azaldu dute eta, era berean, euskaltegiaren jardunbideari primerakoa iritzi diote. Beste zazpien balorazioa, ordea, neutroa izan da.

Zerbitzua hobetze aldera, garrantzitsua da ikasleen iritzia eta, ondorioz, irakaskuntzan ohikoak dira ikasleei zuzendutako galdetegiak. Aurtengoan ezaguna den semaforoaren hiru koloreetako emotikonoen bidezko inkesta erabili da. Emotikono berdea irribarretsu dago balorazio ona adierazteko, horia neutroa da eta gorria haserre dago atsekabea adierazteko.

Klaseetan erabilitako materiala eta metodologia egokia iruditu zaie gehienei, baina hamabik emotikono horia aukeratu dute. Azaldutakoaren arabera, fotokopia asko erabiltzen dira eta horrek zaildu egiten du apunteak txukun antolatzea. Baten batek paperaren ordez teknologia berrien aldeko apustua egin du eta klaseetan liburua erabiltzearen aldekoren bat ere egon da. Galdeketaren datuen arabera, irakasleen lana ere egokia ikusten dute inkestatuek, bostek izan ezik.

Matrikulatu aurretik jaso duten euskaltegiari buruzko informazio egokia izan dela uste du % 73, 42k. Hainbatek, ordea, eskaintzari buruzko argibideak aurkitzea kostatu zaiela adierazi dute, lauk emotikono gorria aukeratu baitute eta hamazazpik horia. Hauek Interneteko informazioa hobetu daitekeela uste dute. Bestalde, euskaltegiak antolatutako ekintza osagarriei dagokienez, denetariko erantzunak jaso dira, baina orokorrean atal hau ere ondo baloratua izan da.

Abusu eta herrigunea

Kexa nagusia Abusutik herrigunerako eta alderantzizko joan-etorria egin behar izan duten ikasleengandik etorri da. Abusutarrek auzoko Zentro Soziokulturaleko gelak euskara klaseak eman ahal izateko atontzeko eskatzen dute eta aurten Abusun sortu den A2 taldeko ikasleen artean erdigunetik hara joan behar izan dutenek datorren urtean klaseak erdigunean nahiko lituzketela adierazi dute.

Euskaltegiko arduradunak gai honekin kezkatuta agertu dira, Arrigorriagakoa euskaltegi txikia izanik, HABEk diru-laguntzetarako eskatzen duen gutxiengo ikasle kopurua  lortzea lan nekeza delako ikasleak elkartu ezean.