Berriak

 

Osasun-zentroaren, Udalaren, gizarte-zerbitzuen, ikastetxeen eta herritarren zenbait elkarteren (erretiratuak...) lankidetzari esker, Arrigorriagako Foro Soziosanitarioak hainbat bilera egin ditu azken hilabeteotan. Herriko osasunari loturiko gaien inguruan hausnartzeko gune bat da, batez ere osasuna sustatzeari, babesteari eta hari buruzko hezkuntza emateari dagokienez. Asmoa da hainbat eragile elkartzea, modu batean edo bestean osasunarekin lotura duten hainbat gairi buruz hitz egin dezaten eta gai horietan komunitatearen ikuspegitik esku hartu dezaten.

Bilera horietan behin eta berriz errepikatzen den gaietako bat elikadura da; oso gai interesgarria dela uste da. Kezka horrek mugituta, foroak elikadura-ohiturei buruzko inkesta egin zien institutuko gela bateko 15 eta 16 urteko ikasleei. Euskal Herriko gastronomiak aukera osasungarriak eskaintzen ditu; alabaina, susmoei jarraituz, ikusi zen udalerriko gazteek zenbait ohitura kaltegarri dituztela.

Gazteen % 51k janari azkarra jaten du astean behin edo gehiagotan; % 78k aitortu zuen goxokiak edo opil industrialak jaten dituela gutxienez astean behin. Generoak ere eragina du gai honetan: 10 mutiletik batek aitortu zuen egunero jaten dituela era horretako jakiak (100 neskatik 2k esan zuten gauza bera). Edari karbonatatuei dagokienez, kolazkoak edo laranjazkoak kasu, mutilen % 63k esan zuen astean bitan edo gehiagotan edaten dituztela (nesken kasuan, % 18k). Inkestari erantzun ziotenen % 51k esan zuen astean behin gutxienez edaten dituztela horrelakoak. Adierazi beharra dago nesken % 70ek astean behin baino gutxiagotan edaten dituztela era horretako edariak (mutilen kasuan, % 18k).

Emaitza horiek ez dira kasu isolatuak; izan ere, Euskadiko 2013ko osasun-inkestan jada ohartarazten zen gazteek era horretako produktuak kontsumitzeko zuten joeraz.

Foroak ondorioztatu du herritar guztiak mahaiaren inguruan elkartzen badira eta modu osasungarrian jaten badute Arrigorriagako ongizatea hobetu egingo dela; hori dela eta, lanean ari dira “elikadura osasungarriaren astea” ekimena antolatzeko, komunitate osoari zuzenduta baina gazteei arreta berezia emanez. Proiektuak ilusio ugari piztu ditu, eta laster ekimenari buruzko hausnarketa eta datu gehiago eman ahal izatea espero da.