Berriak

 

Ekainaren 15ean irekiko da Arrigorriagako Udal Euskaltegian 2018/19 ikasturterako matrikula egiteko epea. Aurreko urteetan bezala, ekainaren 15etik 29ra bitartean eginiko matrikulek 50 euroko beherapena izango dute. Horrez gain, langabezian daudenek eta matrikula berritzen duten ikasleek tasa murriztuak izango dituzte.

Ikasturtea 2018ko urrian hasiko da, eta Euskaltegiak eskaintza zabala izango du aurten ere, HABEren maila guztietarako eskolekin. Ordutegia ere zabala izango da: goizez, arratsaldez eta gauez. Gainera, online ikasteko aukera ere badago, Boga programaren bidez. Horrenbestez, euskara ikasi nahi duten guztiak gonbidatzen ditugu Euskaltegira joatera; han, ikastaro batean izena emateko eta euskarako titulazio bat lortzeko dituzten aukera guztiei buruzko informazio pertsonalizatua emango diete.

A1, A2 eta B1 mailen ziurtagiriak Euskaltegian bertan eskura daitezke, ebaluazio jarraituaren bidez. B2 eta C1 mailetan ere, ahozko eta idatzizko ulermenaren probak Euskaltegian egiten dira.

Diru-laguntzei dagokienez, aurten ere Arrigorriagako Udalak bekak emango dizkie euskara ikasteko asmoz Euskaltegiko ikastaroetako edozeinetan matrikulatzen direnei. Horrez gain, Abusutik herrigunera eta herrigunetik Abusura joan behar dutenek ere beka bat jaso dezakete, joan-etorrietarako.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo zuzenean Euskaltegira, deitu 944002060 telefono-zenbakira edo kontsultatu Euskaltegiaren webgunea (www.arrigorriagakoeuskaltegia.eus) edo Facebookeko orrialdea.