Berriak

 
Ekainaren 3an (igandea), Arrigorriagako Lehendakari Agirre parkean, Ur Partzuergoak antolatzen duen “Uraren Jai” tradizionalaren 26. edizioa egin zen. Aurten, lehen aldiz, Bentaltako instalazioetan egin beharrean, Arrigorriagako herrigunean ospatu zen. Pertsona asko bertaratu ziren eta parte-hartzea ere handia izan zen.

Badirudi asmatu zutela bereziki familientzako eta ikasleentzako jarduera ludiko-hezigarri hau lekuz aldatzeko erabakiarekin; izan ere, jende asko etorri zen Arrigorriagara, programatutako askotariko jardueretan parte hartzera.

Antolakuntzaren arduradunak, Pedro Barreriro (Ur Partzuergoko gerentea) eta Karlos Atutxa (Arrigorriagako Udaleko Hirigintza eta Garapen Jasangarriko zinegotzia), oso pozik agertu ziren jaiak izandako bilakaerarekin, eta hurrengo edizioetan are gehiago handitu daitekeela espero dute.

Jai tradizional honen helburua da herritarrei eta bereziki haurrei helaraztea ura zentzuz erabili behar dela eta kutsatzea saihestu behar dela, uretako ekosistemak bizi daitezen. Pedro Barreirok adierazi zuen agertoki berriak ikusgaitasun handiagoa eman diola ekimenari eta esparru bikaina dela jendea egun horretarako prestatutako hainbat eta hainbat jardueretan parte hartzera eta ondo pasatzera animatzeko.

Horrez gain, bisita gidatuak egin ziren Bentaltako edateko uraren araztegira, bai eta jarduera hauek ere: kalejira, ipuin-kontalaria, dantzak, puzgarriak, ur-jolasak, tailerrak, sorpresak, magia ikuskizunak, pailazoak eta musika. “Jendeak denetik izan du ondo pasatzeko, bai hemen, bai herriko ostalaritzan. Nire ustez, ondo datorkio udalerriari, eta Partzuergoarekin ari gara lanean jaia gero eta handiago egiteko”, azaldu zuen Atutxak.