Berriak

 
“Lastoginak” izango da 2018ko Madalenetako kartela. Arrigorriagako lehiaketaren epaimahaiak aho batez aukeratu zuen Andere Molinuevo Martín bertako artistak aurkeztutako lana. Aurten, 8 kartel aurkeztu dira guztira; lau Arrigorriagakoak, bat Ugaokoa, beste bat Basaurikoa, beste bat Bilbokoa, eta beste bat Murtziakoa.

Azken ebazpenerako, epaimahaiak bereziki baloratu ditu Andere Molinuevok bere kartelean erabilitako elementuak; besteak beste, atzealdeko lastoa, “lastoginen” omenez (horrela esaten zaie Arrigorriagako biztanleei). Epaimahaiari asko gustatu zaizkio, halaber, gastronomia-lehiaketa famatuari egiten dion erreferentzia, kolore biziak eta islatzen duen jaiaren alaitasuna.

500 euroak irabazi dituen “Lastoginak” kartela zein lehiaketan parte hartu duten gainerako kartelak kultur etxean ikusi ahal izango dira ekainaren 4tik 22ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara. Bestalde, saririk jaso ez duten lanak ekainaren 25etik uztailaren 6ra eraman ahal izango dira kultur etxetik.