Berriak

 
Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuek 2017ko memoria argitaratu dute. Bertan jaso denaren arabera, urte horretan 1.042 eskaera erregistratu ziren; gehienak adinekoen (406) eta haur, gazte eta familien (386) kolektiboentzako prestazioei, zerbitzuei eta baliabideei buruzkoak. 1.154 pertsona edo familia-unitatek erabili dute zerbitzua. Horiekin 5.573 jarduera egin dira, besteak beste: informazioa ematea, orientatzea, jarraipena egitea, laguntzea, etxera bisita egitea, diagnostikatzea, dokumentuak jaso eta egitea…

Guztira 2.104 onuradunek 2.321 laguntza jaso dituzte. Laguntza garrantzitsuenen artean Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL) eta banakako laguntzak nabarmendu behar dira; onuradun gehiagok jaso dituzte, eta 260.000 euroko kopurua erabili da, 2016an baino 55.000 euro gehiago.

Etxeko Laguntza Zerbitzuari dagokionez, 2017an 12 alta erregistratu ziren; 13.431 ordu behar izan ziren batez beste 62 erabiltzaileri laguntza emateko. Diru-laguntzei dagokienez, dozenaka kolektibok jaso dituzte diru-laguntzak, guztira 11.502 eurorenak. Laguntzarik aipagarrienak, 2.400 eurokoak, bi elkarte hauek jaso dituzte: Zubietxe elkarteak, bere Hazkuntza eguneko zentroa proiektuagatik, eta Askabidek, bazterkeria-egoeran dauden emakumeentzako gizarte-larrialdietarako etxebizitzaren proiektuagatik.

Gizarte Zerbitzuen memoriak prebentzio- eta hezkuntza-programaren kudeaketa eta garapena nabarmendu du, Arrigorriagako familien eta erkidegoaren bitartekari gisa. Halaber, memorian honako hauek ere barne hartu dira: droga-mendekotasunari buruzko informazio-, harrera- eta orientazio-zerbitzua; familia-esparruan prebentziorako programa; drogak erabiltzen eta gehiegi hartzen direla ikusita, erkidegoa sentsibilizatzeko eta dinamizatzeko programa, eta hezkuntza sistema arautuan droga-mendekotasuna prebenitzeko programa.

Zehazki, Bitartekotza Zerbitzuak 44 kasu artatu zituen joan den ekitaldian; Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuak 92 pertsona hartu zituen: 66 emakume eta 26 gizon; eta 17 pertsonak erabili zuten guraso bakarreko familien titularrak diren emakumeentzako “Umezain-Zaintzaile” zerbitzua. Bestalde, 2017. urtean, Arrigorriagako Gizarte Zerbitzuek jarduera ugari egin dituzte, besteak beste: Zainduz Programa, Gurutze Gorriaren programa, Elikagaien Bankuarena (78 familia unitaterentzat) eta ke detektagailuen programa; azken horrek 35 alta berri izan ditu eta 300 onuradun baino gehiago dauzka.