Berriak

 
Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak 2017 ekitaldiaren itxiera aurkeztu du. Oso balantze positiboa egin du, bai kudeaketa ekonomikoari, bai 2015-2019 Legegintzaldiko Plana gauzatzeko aurrerapenari dagokienez. Aurkezpenean, Asier Albizua alkateak, Maite Barahona zinegotziak lagunduta, honako hau azpimarratu du: aurrekontuan barne hartutako diru-sarreren % 102 bete dela, eta gastuen % 97,25.  Hala, kontabilitate-emaitza 1.075.000 eurokoa da, eta 1.446.807,75 euroko soberakin garbia eskuratu da. Horietako 671.237,66 euro hitzemanda daude, eta 700.000 euro baino gehiagoko zenbatekoa dago inbertsioak egin ahal izateko.

Halaber, asko poztu da udal-zorra 406.200 euro murriztea lortu dutelako. Horrek baieztatzen du aurreko ekitaldietan jarraitutako ildoa egokia izan dela, 7.518.000 euroko zenbatekoa 3.500.000 euro murriztu baita, herritarrei zerbitzurik murriztu gabe. Zifra pozgarri horiekin batera, hauek ere jakinarazi ditu: aurrekontu-egonkortasuna, -1,9 eguneko ordainketa-aldia eta diruzaintzaren bilakaera egokia. Diruzaintzak 2.254.582 euroko batezbestekoa lortu du 2017an, 2011koa baino bost aldiz handiagoa, eta hori udalaren kaudimenaren isla garbia da.

Lehenengo zinegotziek azken bost urteetako aurrekontu txikiena izan duen ekitaldian ontzat eta arduratsutzat jo duten kudeaketa ekonomikoa alde batera utzita, gobernu-taldeak nabarmendu du urtebeteren faltan Arrigorriagan aitzindaria izan den Legegintzaldi Planaren % 67 bete dela. Plan horrek gardentasuna eta erantzukizuna ditu oinarri eta 2019. urtera bitartean garatu beharreko 94 jarduketa, 12 helburu eta hiru ardatz aurreikusten ditu.

Lehenengo ardatza ("Elkarrekin bizi diren, lan egiten duten eta eraldatzen duten pertsonak") osatzen duten jarduketa garrantzitsuenetako batzuk aipatzearren, Asier Albizuak hauexek nabarmendu ditu (horien % 76,73 daude beteta): gauzatutako partaidetza-prozesu ugariak, kiroldegiko berrikuntzak, Foro Soziosanitarioa abian jartzea, Berdintasunerako Plana, Udal Gaztedi proiektua finkatzea, Arribarri proiektua, Irisgarritasun Plana idaztea, adinekoentzako Hiri Lagunkoien proiektua, Bizkaia Oreka…

Bigarren ardatza “Bizitzeko eta gozatzeko herrian” oinarritzen da. Horri dagokionez, % 50,41 bete da eta gobernu-taldeak 2017ko mugarri hauek goraipatu ditu: Pedro Muroko eta Santa Isabeleko arrapalak, kaleetako asfaltoan egindako hobekuntzak; Ollarganeko igogailuaren proiektua, Lehendakari Agirreko estalkia (denentzat zabalik dago aste honetatik aurrera), eskolako argiztapen-aldaketa, udalerri osoko argiztapenerako diru-laguntza, PP2-ko aldagelen eta komun publikoen proiektua...

Azkenik, “Pertsonen zerbitzura dagoen organizazioa” izeneko hirugarren ardatzari dagokionez, % 75 dago beteta eta gobernu-taldeak jarduketa hauek azpimarratu ditu: Prestakuntza Plana, lanpostuen zerrendaren balorazioa, Kontratazio eta Giza Baliabideetako Sailaren sorrera, bitartekotasunak murrizteko lan-eskaintza publikoa, udal-plantillaren berrikuntza erretiroengatik, dokumentuen estandarizazioa eta bateratzea, fakturazio elektronikoaren sistema ezartzea...

Laburbilduz, jarduketa sorta zabal-zabala da, gobernu-taldeko kideak pozarren utzi dituena. 2017an gogor lan egin dutela aitortu dute; hala eta guztiz ere, tinko eusten diote herritarren gozamenerako Arrigorriaga egunero hobetzeko konpromisoari.