Berriak

 
Arrigorriagako desagertutako pertsonei buruzko VI Topaketa Teknikoa dela eta, gaur goizean, Mendikosolo parkean, desagertutako pertsonak erreskatatzeko prestakuntza-trebakuntzako jardunaldia egin da; ondoren, simulakro bat egin da eta erakunde askok parte hartu dute.

Topaketaren aurreko edizioetan, behin baino gehiagotan landu dira bilaketa eta erreskatea gaiak, baina ikuspuntu teorikotik landu dira beti. Hortaz, aurtengo edizioan, alderdi praktikoan sakondu nahi izan da, desagertutako pertsonak bilatzeko prestakuntza eta trebakuntza praktikoa izatearen garrantzia azpimarratuz. Izan ere, kasu gehienetan, bilaketa zenbat eta arinago eta modu koordinatuagoan egin, orduan eta lehenago agertzen da desagertutako pertsona.

Hala, bilaketa- eta erreskate-operatibo zabala antolatu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Euskadiko Larrialdietako Zuzendaritzak zuzenduta eta koordinatuta. Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, erakunde hauek parte hartu dute: Ertzaintzaren menpe, Ertzaintzaren Zuzendaritza, Galdakaoko Ertzainetxea, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea (zehazki, mendi taldea, urpeko igeriketa taldea eta helikoptero taldea); eta horrez gain, Gurutze Gorria, DYA, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea (ELTT), Arrigorriagako Udala eta Udaltzaingoa. Guztien artean desagertutako hiru pertsonen bilaketaren simulakroa egin dute; bat, baso-eremu batean desagertutakoa; beste bat, meatze-eremu batean; eta azkena, uretan.

Jardunaldia prestakuntza ikastaro batekin hasi da, eta honako hauentzat izan da batez ere: Udaltzaingoa eta Polizia Forala, Ertzaintza eta beste segurtasun kidego batzuk, Gurutze Gorria, DYA eta Babes Zibileko langileak, eta erreskate eta bilaketa taldeetako boluntarioak Simulakroa eta prestakuntza maiatzaren 22an Lonbo Aretoan egingo den desagertutako pertsonei buruzko VI Topaketa Teknikoaren barruan antolatu dira, non jarduera hauek ere antolatu baitira: Paco Lobatónen “Te buscaré mientras viva” liburuaren aurkezpena (maiatzaren 21ean, Bilboko FNACean, 12:30ean) eta Borja Lázaroren fotokazetaritzako erakusketa. Azken horretan hitzaldi bat egingo da, “Sociología visual de las desapariciones” izenekoa (Montehermoso Kulturunea, Vitoria-Gasteiz, maiatzaren 18-27).