Berriak

 

Arrigorriagako Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak oso ondo egiten du bere lana, duela gutxi udaletxean bertan eta Abusuko Zentro Soziokulturalean eginiko inkestek emandako datuen arabera. Lehen kasuan, inkesta erantzun duten pertsonen % 94k eta bigarren kasuan % 84k adierazi dute zerbitzua oso ona dela.

Haien esperientziak baloratzeko, semaforoaren koloreak dituzten emotikono batzuk erabili dira: berdeak irribarre egiten du, horiak ez du keinurik egiten edo neutral dago, eta gorriak tristura adierazten du. Azken emotikono hori % 3k baino ez dute aukeratu erdigunean eta % 7k Abusun.

Hamar galderako galdetegi bat izan da, eta HAZ bakoitzaren kanpoaldean jarritako ukimen-gailu bat erabili da betetzeko. Hilabete eta erdiz egon da gailua jarrita, eta parte hartu duten pertsonek 50 segundo behar izan dituzte, batez beste, galdetegiari erantzuteko. 127 pertsonak parte hartu dute erdigunean, eta 131 pertsonak Abusun.

Zerbitzuaren kokapena egokia iruditzen zaie erdiguneko % 98,28ri eta Abusuko % 97,27ri, eta ordutegia nahikoa iruditzen zaie erdiguneko % 87,07ri eta Abusuko % 88,89ri. Halaber, tratua egokia iruditzen zaie inkesta erdigunean erantzun dutenen % 96,55i eta Abusun erantzun dutenen % 91,75i. Gainera, erdiguneko kasuen % 97,44tan eta Abusuko % 91,49tan, eurek hautatutako hizkuntzetan artatu dituzte.

Langileek emandako informazioari dagokionez, 1etik 5era bitarteko balorazioan, erdiguneko HAZek 4,78ko batezbestekoa lortu zuen, eta 8 pertsonak bakarrik eman zuten 5etik beherako puntuazioa; Abusun, berriz, batezbestekoa 4,54koa izan da. Itxarote-denborari dagokionez, erdigunean egin den balorazioa 4,69 da bostetik, eta Abusun, 4.57.

Izapideak egiteko sinpletasunari eta erraztasunari erreparatuz gero, erdiguneko balorazioa 4,66 da (erantzunen % 97 4 eta 5 artekoak izan dira), eta Abusukoa 4,58 (erantzunen % 94 4 eta 5 artekoak izan dira). Esperientzia gehienak positiboak izan dira; horren erakusgarri da inkesta erdigunean erantzun duten pertsonen % 71k eta Abusun erantzun dutenen % 67k lagun edo senideren bati gomendatuko lioketela HAZ.

Galdetegian parte hartu duten gehienek 46-55 urte artean dituzte (% 35), eta erdigunean jasotako iradokizunen artean nabarmena da ordutegia arratsaldean orduren bat luzatzea edo 24 ordu martxan egongo den makina bat izatea izapide batzuk egiteko. Abusun bereziki ontzat eman dute kudeaketa batzuk egiteko erdiguneraino joan behar ez izatea.