Berriak

 

Sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen ondoriozko diskriminazioa berdintasun-printzipioaren aurkakoa da. Premisa hori oinarri harturik, beste urte batez, Arrigorriagako Udalak bat egin du maiatzaren 17arekin, HOMOFOBIAREN, LESBOFOBIAREN ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNAREKIN. Lehentasunezko ekintza bat da hori; izan ere, azken urte hauetan aurrerapen nabarmenak lortu diren arren, oraindik ere gauza asko daude lortzeko, hala nola gure inguruneko eta munduko toki askotako lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen, pertsona transgeneroen eta intersexualen kontrako intolerantzia eta indarkeriaren desagerpena.

ZINEGOAK, BILBOKO GAYLESBOTRASN ZINEMA ETA ARTE ESZENIKOEN JAIALDIA, zeinak aurtengoa 15. edizioa baitu, sexu-aniztasunarekin eta giza eskubideekin lotutako gaiak lantzen dituen estatuko eta nazioarteko zinema onenaren erakusketa bat da. Aurtengo jaialdiak, Pau Guillén zuzendariaren esanetan, ideia nagusi hau du oinarrian: “…desberdintasunek pertsona berezi egiten gaituztela, eta elkar maitatzeko, gure identitatea adierazteko edo gure sexualitateaz gozatzeko askotariko moduak ezin direla finkatutako arau sozial eta estetikoen mende egon”.

Jaialdira aurkeztutako lanetako batzuk Arrigorriagan ikusi ahal izango dira maiatzaren 15ean eta 17an, ZINEGOAK HEDAPENAren eskutik (programa horren bidez, euskal udalerrietara iritsiko dira filmak).

Maiatzaren 15ean, Abusu Zentro Soziokulturalean 5 film labur emango dira 18:30etik hasita, guztira 83 minutuko iraupenarekin: Marguerite, 19’ (JB frantsesez, gaztelaniazko azpitituluekin); Princesa de Hielo, 15’ (JB gaztelaniaz); Ciruela de Agua dulce, 20’ (JB txineraz, gaztelaniazko azpitituluekin); Pria, 7’ (JB indonesieraz eta ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin); Homoamak, 22’ (JB euskaraz eta gaztelaniaz, gaztelaniazko azpitituluekin).

Maiatzaren 17an, berriz, 18:30etik hasita, Mr Gay Siria film luzea emango da Lonbo Aretoan, 85 minutukoa (JB arabieraz, turkieraz eta alemanez, gaztelaniazko azpitituluekin).

Herritar guztientzako jarduera horiez gain, Udalak genero-ikuspegia lantzeko sexualitate-tailerrak antolatzen ditu urtero Arrigorriagako ikastetxeetako ikasleentzat. Izan ere, ikasleek zabal jorratzen dute sexu- eta genero-aniztasuna eskolako programazioaren barruan.