Berriak

 

Maiatzaren 4etik 6ra Arrigorriagan ospatuko den XXIII. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia aurkeztu da gaur prentsaurrekoan Bilboko Rekalde Aretoan goizeko 11:00etan, eta bertan izan dira:

  • Asier Albizua Manrique, Arrigorriagako Alkatea
  • Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusia
  • Amagoia Garaizabal Armesto, Jaialdiko Zuzendaria eta Arrigorriagako Udaleko Kultur Teknikaria
  • Honekin batera jaialdian parte hartuko duten euskal talde batzuen kideak gerturatu dira: Aimar y Cia. (Diego Aimar-aktorea eta Isabel Jiménez-sortzailea), Shakti Olaizola (Shakti Olaizola aktorea).

Prentsaurrekoa hasi baino lehen, Aimar y Cia. taldearen kide den Diego Aimar aktoreak jaialdian aurre-estreinatuko den ‘Etxea/Casa/Home’ ikuskizunaren erakustaldi txikitxo bat eskaini du.
 
Arrigorriagako XXIII. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia ospatuko da aurten. Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusiaren hitzetan: “Gogoak eta konstantziak dakarte aurten Arrigorriagako Jaialdiaren 23. edizioa ospatzea”. Honela, lurraldean egiten den lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Iturbek: “Bizkaian eta Bizkaiko udaletxeetan egiten den lana aldarrikatu nahi dut”.
Arrigorriagako Alkatea den Asier Albizua Manriquek adierazi duenez, “Arrigorriagako Jaialdiak artista mordo bat biltzen ditu urtero”. Bere hitzetan: “Jaialdiaren helburua hitzordu iraunkor bat izatea da, bai Arrigorriaga eta baita Bizkaia osoko biztanleriatzentzat ere”. Hamaika konpainiek osatzen dute aurtengo programazioa. Horrela, 3 dira Euskal Herriko taldeak, 2 Estatuko gainontzeko Autonomia Erkidegoetakoak (Extremadura, Andaluzia/Elx/Madril), eta gainontzeko 6ak nazioartekoak (Danimarka, Argentina, Kolonbia/Espainia, Erresuma Batua, Txile, Italia). Hizkuntzei dagokienez, ikuskizun bat antzeztuko dute euskaraz, lau gaztelaniaz, eta gainontzekoak (6) testurik gabeko lanak izango dira. Herriko hiru gunetan garatuko dira ikuskizunak, hots, Udaletxe Plazan, Frontoian eta Kiroldegian, non jaialdia ospatzea bermatzen den eguraldia edozein izanda ere. Antzezlan guztiak dohakoak izango dira berriro ere. Aurtengo jaialdiaren aurrekontua 57.000 eurokoa izan da. Alkateak jaialdia babesten dutenen laguntza eskertu nahi izan du ere: EUSKALTEL, BBK, Deia, FYM, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Jarraian, Clown eta Pailazoen Jaialdiaren egitaraua osatzen duten ikuskizun eta jarduera guztien berri eman du Amagoia Garaizabal Armestok, Jaialdiaren Zuzendaria eta Arrigorriagako Udaleko Kultur Teknikariak. Azaldu duenez, jaialdia Artekale - Euskal Herriko Kale Arteen Elkartearen parte da, eta baita Karrikan plataformaren parte ere, Euskal Herrian kaleko arteetan hasten ari diren artisten sormen-lanak sustatzea eta zabaltzea helburu duena. Ikuskizunez gain, bi ekintza paralelo eskainiko dituzte: tailer bat eta erakusketa bat. Tarragonako Cia. Passabarret taldeak Haurrentzako Zirku Tailerra eskainiko du maiatzaren 4an, 09:00 eta 13:00ak eta 15:00 eta 16:30ak bitartean Eskola Publikoan. Zirku espazio bat da, 12 metroko diametroa duen egitura puzgarri batean kokatuta. Tailerra edukiaren arabera banandutako hiru gune ezberdinetan egingo da, eta hiru monitore izango ditu. Joko eta esperimentaziorako jarduera bat da, non haurrek orekak, psikomotrizitatea, pedalak… egin ahal izango dituzten.

Bestalde, Udaletxeko Erakusketa Gelan, ‘Zirkuaren armairua. 15 jantzi eta agertokiaren atzekaldeko gune bat’ jardueraz gozatzeko aukera izango dute bisitariek apirilaren 24tik maiatzaren 6ra arte. Egun oraindik zirku klasiko bateko edozein kamerinotan aurki daitezkeen jantzien erakusketa bat da. Ehunka urte dira jantzi horietako batzuk erabiltzen direla, eta, nahiz eta garai berrietara egokituz joan diren, ez dute lehen ikuskizun horien esentzia galdu. Jantzi asko ikusteko aukera egongo da: zeremonia-nagusiaren jantzia, Aurpegi Zuri pailazoarena, Arlekinena, Augusto pailazoarena, “jostunaren amesgaiztoa” pertsonaiarena, bai eta funanbulista, akrobata eta trapezistenak ere.

Jaialdian ikusgai egongo dira

Arrigorriagak XXIII. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia ospatuko du maiatzaren 4tik 6ra, eta ikusleek diziplina ezberdinetako lanak ikusteko aukera izango dute. Guztira 11 talde izango dira herri bizkaitarrean batuko direnak, batez ere publiko familiarrari zuzenduta dauden 13 emanaldi eskaintzeko.

Ostiralean, nazioarteko zirkua nagusi

Lotta & Stina Danimarkako konpainiaren ‘Rola Bola’ ikuskizunarekin hasiko da jaialdiaren egitaraua. Lotta eta Stina akrobazietan eta rola bolaren bakarkakoetan espezializatutako bi zirku-artista emakume dira, burlesque kutsu bat dutenak. Geroxeago zirku, antzerki eta umorezko obra batez gozatzeko aukera egongo da, Argentinako Cia. Levelibular konpainiaren ‘Portamundos’, hain zuzen ere. Publiko guztiarentzat zuzendutako obra honek artista bakarra izango du: Sigimundo, zirkuko teknikak (malabarismoa eta makil txinatarra) eta antzerkiko teknikak fusionatuz ikusleak hunkituko dituena. Sigimundok ez du jolasteko aukera galduko inguruan gertatzen denarekin inprobisatuz. Azkenik, Pass & Company taldeak (Espainia/Kolonbia) ‘Juguete roto’ ikuskizuna eskainiko du, 2017an Valladolideko TAC jaialdian saritu zutena. Bertan, hiru pailazok zirkuaren enigmak argituko dizkigute.

Hiru lan hauek lehen aldiz antzeztuko dituzte Euskadin.

Asteburuan, disziplina guztientzako tartea

Aurre-estreinaldi batek emango dio hasiera larunbateko programazioari, Aimar y Cia. taldearen ‘Etxea/Casa/Home’, hain zuzen. Etxeari eta nortasun pertsonalari buruzko antzerki eta zirkuko ikuskizun bat da, testurik gabea eta publiko guztiari zuzenduta. Ondoren, Erresuma Batuko Men in coats konpainiaren ‘A little less conversation’ komedia izango da ikusgai, bufoikeria eta ilusionismo bisuala nahastuz mundu osoko publikoa irabazi duena. Euskadin estreinakoz, Txileko Trinity-k ‘Si el mundo estuviera al revés’ lana aurkeztuko du. Zirkuko teknika zaharren eta gaurkotasunaren parodia baten bitartez, ikuskizun honek mundua alderantziz nolakoa izango litzatekeen pentsatzera gonbidatuko gaitu. Eta Extremaduratik etorritako Cia. Albadulake taldearen ‘Las expertas’ izango da larunbateko azkenengo proposamena, 18. Gaztela eta Leongo Antzerki Azokan saritua. Ausardia, trebezia, indarra, teknika, ametsak, umorea eta zirkuko elementu ugari batuko dira ikuskizun arriskatu eta paregabe honetan.

‘Reziklator’ euskarazko kale-ikuskizun pedagogiko eta musikala izango da igande goizeko protagonista nagusia Arrigorriagan. Honela, Zozongo-k haurrei modu dibertigarri eta parte-hartzaile batean birziklatzen irakatsiko die, gorputz-perkusioa eta perkusio birziklatua konbinatuz. Shakti Olaizola-ren txanda izango da gero (‘Baldin bada’), zeinek gaitasun handiak erakutsiko dizkigun, hala nola oinekin margotzea, ezinezko oreka-ariketak egitea, eta postura oso arraroetan kantatzea. Ondoren, Men in coats eta Lotta & Stina taldeen ikuskizunekin gozatzeko aukera izango publikoak bigarren aldiz. Italiatik heldutako Cia. Lucchettino-k ‘Lucchettino classic’ antzeztuko du lehen aldiz Euskadin. Luca & Tino bi komediante surrealista, pailazo eta mago intenporalak dira, 2016an Mandrake d´or saria irabazi zutenak (magiaren Oscarra). Eta ‘Gala de Magia Clownesca’ saioak emango dio amaiera Arrigorriagako XXIII. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiari, El Gran Dimitri, Manolo Costa y Mindanguillo eta Los Taps artisten eskutik. Estatuan estreinakoz aurkeztuko dute Gala Komiko Magiko hau, non clown-a izango den protagonistarik handiena.