Berriak

 

Maiatzaren lehen aste-bukaeran egingo da Clown eta Pailazoen XIII. Jaialdia, eta, hura girotzen hasteko, gaurtik aurrera Arrigorriagako Udalaren Euskaldun Berria aretoan “Zirko armairua. 15 jantzi eta agertokiaren atzekaldean gune bat” erakusketa egongo da ikusgai; egun oraindik ere zirku klasiko bateko edozein kamerinotan aurki daitezkeen jantzien erakusketa bat da.

Ehunka urte dira jantziteria horietako batzuk erabiltzen direla, eta, nahiz eta garai berrietara egokituz joan diren, ez dute lehen ikuskizun horien esentzia galdu.Jantzi asko ikusteko aukera egongo da: zeremonia-nagusiaren jantzia, Aurpegi Zuri pailazoarena, Arlekinena, Augusto pailazoarena, “jostunaren amesgaiztoa” pertsonaiarena, bai eta funanbulista, akrobata eta trapezistenak ere.

Erakusketa maiatzaren 6 arte egongo da zabalik, ordutegi honekin: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.Apirilaren 24, 25, 26 eta 27an eta maiatzaren 3, 4 eta 5ean, erakusketa Arrigorriagako eskolako hainbat talderentzako ikusgai egongo da, goizetan bisitatu ahal izango dute-eta.